Israeli boikota eta Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lau haizetara zabaldu dute
BDZ herri plataformak deituta, dozenaka herritarrek Israelen parte hartzea irmoki salatu dute.
Israelen aurkako oihuek Irungo kaleak hartu dituzte gaur arratsaldean. BDZ herri plataformak, Irun Palestinarekin batera deitutako mobilizazioan herritar ugari izan dira. Irungo herriak OCRko Europako Txapelketan bizitakoa gaitzetsi du, eta israeldarren parte hartzea salatu. 19:30ean hasita, San Juan plazatik Palmera Monteroko bidea egin dute, Palestinaren aldeko oihuak ozen oihakatuz.
“Boikot Israel, Palestina askatu” edota “Ibaitik itsasora Palestina izango da” leloekin Erdialdeko kaleak hartu dituzte, Irunen egunotan dauden kirolariek entzun ditzaten. Palmera Monterora heldu, eta BDZkoek azken gertakariei buruzko komunikatua irakurri dute. Israelgo atletak bertan zeudela aprobetxatuta, dezibelioek gora egin dute eta israeldarren parte hartzeak eragindako haserrea nabaria izan da bildutakoen artean. Bestalde, Irungo Udalaren konplizitatea ere salatu dute.
Euskal Selekzioaren aldeko oihuak ere izan dira, “Euskal Selekzioa bai, sionistak ez”, oihukatu dute. “Beste behin ere azpimarratu nahi dugu Euskal Selekzioak oraindik ezin duela ofizialki parte hartu, ezta bere elastikoekin ere bnanakako modalitatean”, adierazi dute.

