OCR txapelketa: Israelgo selekzio nagusia ez, baina banaka bai
Antxeta Irratiak landutako informazioaren arabera, Irunen egunotan egitekoa den Europako OCR Txapelketan Israelek ez du selekzio bezala parte hartuko proba nagusian, baina herrialde hartako kirolariak banaka lehiatuko dira.
OCR txapelketa antolatzeko Irunen egindako bilera, martxoan.Irungo Udala Antxeta Irratiak landutako informazioaren arabera, Irunen egunotan egitekoa den Europako OCR Txapelketan Israelek ez du selekzio bezala parte hartuko proba nagusian, baina herrialde hartako kirolariak banaka lehiatuko dira. Igandekoa da lehia nagusi hori, eta horretan Israel Elite taldeak zuen izena emana. Hala ere, izena eman duten hamabi atleta israeldarrek banaka parte hartu ahal izango dute hilaren 31ko 13 kilometroko proban. Gaurtik larunbata arteko gainerako probak laburragoak dira, eta Israel Youth gazteen taldearen kasuan, antolatzaileek ez dute debeku edo aldaketarik iragarri.
Irungo Udalak ez du gaiaren gaineko ohar publikorik plazaratu. Baina udaletik Antxeta Irratiari zuzenean jakinarazi diotenez, udal gobernuak Palestinako herriarekin elkartasuna eta jarrera politiko argia adierazi nahi badu ere, lehia honetan ez du debekurik exijitzeko eskumenik, eta Europako OCR oztopo lasterketako federazioaren esku utzi du azken erabakia. Hala ere, sortutako polemikaren aurrean, ekitaldiak modu baketsuan pasatuko direla espero dute udal agintariek.
Antxetak jaso duenez, atzo (hilak 27, asteazkena) Irungo Udaltzaingoko komisariako eta ertzain-etxeko arduradunek bilera egin zuten txapelketaren antolakuntzaren nazioarteko OCR ordezkariekin. Txapelketaren segurtasunaz jardun zuten. Izan ere, guztira 2.578 kirolari bilduko ditu txapelketak Irunen lau egunez, norbere talde tekniko eta senide zein zaleekin batera. Atzo jada, 28 herrialdetik iritsitako parte-hartzaileak ikusi ahal izan ziren hirian, eta poliziaren presentzia nabarmena izan zen Irunen.
Zentzu horretan, Israelgo atleten parte hartzea salatzen duten kartelak jartzen ari zirela, bi lagun identifikatu zituzten atzo bertan, txapelketaren antolakuntzako kide batek bortizki inkrepatu ondoren. Ordena publikoaren nahasmendua egotzi diete.
Mobilizazioak
BDZ Euskal Herriak, Euskal Herriko OCRko kirolariek eta Irun Palestinarekin plataformak deituta, agerraldia eta elkarretaratzea egin zituzten atzo Peña kalean. Israelgo selekzioari eta hango kirolariei OCRko Europakoan parte hartzea uka diezaietela eskatu zuten: “Beste behin ere, nazioarteko erakundeek itsuarena egiten dute Israelgo inpunitatearen aurrean, gure selekzioen parte hartze legitimoa etengabe debekatzen jarraitzen duten bitartean”, adierazi zuen Maialen Etxebarria BDZko kideak. Elkarretaratzea Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duen jarrera permisiboa salatzeko erabili zuten aldi berean.
Biharko (hilak 29, ostirala) mobilizaziora deitu dituzte herritarrak, 19:30ean, San Juan plazan.

