Xake jaialdi solidarioa antolatu du Marlaxka Xake Klubak iganderako, 11:00etatik 14:00etara, San Pedro kalean. Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkarteak informazioa banatuko du eta bildutako dirua elkarte horrentzat izango da. Marlaxkako maisu gazteen kontra xakean aritzeko aukera izango da.
Badia eskolako helduen antzerki taldeak bere lehen emanaldia egingo du bihar Pasai Antxoko kultur etxean. 19:00etatik aurrera, Zintzozofrenia antzezlana taularatuko dute.
Gazte asanbladak aurkeztu du jada sanferminetarako gazte egitaraua. Ostiralean, 17:30ean, karropoteoan hasiko dira festa girotzen, eta 20:00etan, txupinazoan biltzeko deia egin dute. Gauetan egunero izango dira kontzertuak gaztetxean, 23:0etatik aurrera, eta iganderako Gazte Eguna antolatu dute. Bazkaria, kantaldia, elektotxarangak eta gaueko kontzertuek osatuko dute Gazte Eguneko egitaraua. Jaietako azken egunean, asteartean, kukaña egingo dute 13:00etan Marealtan eta ondoren, 14:30ean, barbakoa.
Abian da jada, zazpigarrenez, Oiartzungo Aitor Txiki Xanistebanetako Futbito Txapelketa. Zabalik dago izena emateko aukera, hilaren 13ra arte.
Antxoko Biteri Plazaren proiektuari bultzada eman nahi dio PSE-EEk eta hala adierazi zuen azkeneko plenoan, mozio baten bidez. Aipatu mozioa, baina, erretiratu zuten, udalbatzako gainontzeko taldeekin hala adostuta, eta udal gobernuaren aldetik gaiari eusteko konpromisoa lortuta
Adinekoen Etxeak udako ordutegia ezarri du. Igandetan goizez irekiko du eta gainontzeko egunetan arratsaldez.
Igandea egun historikoa izan zen pasakako pilota lehian. Txost-ek uste duenez, lehenengoz bi emakume bikote pilota modalitate horretan lehian aritu ziren Kontzejupean, Aranburu ahizpak, Ainhitze-Mujikaren kontra. Bigarrenek irabazi zuten, 9-1.
Udalean Espainiako bandera inposizioz jarri behar izan dela salatzeko, sanferminetan balkoietan ikurrina jartzeko deia egin du Bai Euskal Herriari taldeak. "Inposizioak jarraitzen duen bitartean ikurrina balkoietan iraunkorki mantentzeko" eskatu dute.
Pasaiako Udalak eta Laurak Bat elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Arizabalon. Merkatari, ostalari eta udalaren arteko "lankidetza esparru egoki bat ezartzea" da hitzarmenaren helburua, "jarduketa ildo estrategikoak planifikatzeko eta garatzeko", eta "Pasaiako merkataritzaren jarduera ekonomikoa bultzatzeko programak martxan jartzeko".
2014ko lehen bost hilabeteetan Oiartzunen sortu diren hondakinen %85 baino gehiago gaika sailkatu eta bildu dira, Oiartzungo Udalak eman dituen arabera. Hortaz, errefusa frakzioa %14,26koa izan da.
Maria Helguero margolari madrildarrak Euskal Herrira egindako bidaietan margotutako lanak erakutsiko ditu hilaren 31ra arte Hondarribiko Modotti tailerrean. Itsaso gaiak eta paisaiak bildu ditu batez ere baina hiri-paisaien bat ere hautatu du Kantauri itsasoari omenaldia goiburuko erakusketarako.
Udala San Pedroko eta Trintxerpeko atez ateko hondakinen gaikako bilketa sistema diseinatzen ari da, eta hori dela eta, astelehenetik aurrera epea zabalduko du, bizilagunek beren komunitateetan zintzilikarioak non jarri proposatu dezaten.