Eskamendi eta Santesteban errenteriarrak Giro Rosako irteeran izango dira
Dorleta Eskamendi (1992) eta Ane Santesteban (1990) txirrindulari errenteriarrak Italiako Giro Rosan korri egiteko zortzikoetan sartu dituzte euren taldeek. Santesteban Alé-Cipollini-Galassia taldean dago, eta Eskamendi, berriz, parte hartuko duen Euskal Herriko talde bakarrean: Bizkaia-Durangon. Sailkapen nagusirako lehian baino, etapa ehizean ariko dira gehiago.
Ostiralean 20:30ean hasiko da emakumeen txirrindularitzako lasterketa garrantzitsuena, Caserta hirian bi kilometroko erlojupekoarekin. Aitzin etapaz gain, beste bederatzi egunetan lehiatu beharko dira txirrindulariak. Lehenengo bi etapak, laugarrena eta bosgarrena azkarrenentzako izango dira. Hirugarrenean lehenengo aldapak agertuko dira, eta ibilbide sigisagatsua izango da. Seigarren etapa menditsua izango da, hurrengoa trantsiziozkoa, eta azkeneko egunak izango dira beldurgarrienak: Varzo-San Domenico eski estazioan eta Madonna di Ghisallo mendate mitikoan bukatuko baitira, hurrenez hurren.