Ehunka lagunek bizitza duinaren aldeko aldarria kalera eraman dute
Mendeluko biribilgunetik San Juan plazara arteko bidea egin dute Bidasoko dozenaka herritarrek soldata, bizitza eta pentsio duinak aldarrikatzeko helburuarekin.

U30-eko Greba Orokorrak Hondarribiko eta Irungo ehunka lagun bildu ditu gaur arratsalderako deituta zegoen manifestazioan. Goizean zehar bizitako irudia erabat aldatu da, eta hainbat eta hainbat bidasoarren babesa jaso du deialdiak. Hala, herritar horien guztien aldarrikapena ozen entzun da herri batetik besterako manifestazioan: Bizi, Lan, Pentsio Duina!.
Hamaika arrazoi argudiatu dituzte grebaren deitzaileek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak defendatutako aldarrikapenekin bat egiteko. Gazte zein ikasle mugimenduko kideek, esaterako, gaur egungo lanaren «prekarietatea» salatu nahi izan dute, baita pentsiodunekin bat egin ere. Hala azaldu dute Oihan Susperregik eta Oihan Sagarzazuk bi mugimenduetako kideek. Izan ere, prekarietate horren ondorioz haien «bizitza prekarioa» dela iritzi diote, emantzipazioa ukatzen dien bizitza prekarioa alegia. Pentsiodunei laguntzea ezinbestekoa ikusten dute, bestalde, gazteek, «pentsioak denonak dira, eta nahi ala ez, guri ere eragiten digu». La Salle ikastetxea eta Pio Baroja zein Bidasoa institutuetan grebaren alde egin izana nabarmendu dute.
ELAko kide Ainhoa Arretxek eta ordezkari Jon Urkolak ez dute datu ofizialik eman nahi izan momentuz. Goizean oldartu zaien auto gidari batekin tirabira izan dutela zehaztu du Arretxek, baina ez du harago joan nahi izan. Urkolak bere aldetik, poztasuna adierazi du CAF bezalako enpresa handiek itxi egin dutelako. Hala ere onartu du udalerriz udalerri ezberdintasun nabariak egon direla parte hartzeari dagokionez. Bihar eskainiko dute sindikatuko kideek balorazio sakonagoa.
Adrian Arruti LABeko ordezkariak ez du datu zehatzik eman nahi izan ezta ere gaur goizean Antxeta Irratiari egindako adierazpenetan. Urkolak egin bezala, CAF eta Unialcoren tankerako enpresek greba babestu izana txalotu du, baita irakaskuntzan izandako babes zabala ere, Mondragon Unibertsitatean eta Txingudi ikastetxean, adibidez. Administrazio publikoan Irungo udal langileek grebara jo izana nabarmendu du.
Azkenik, merkatari txikiek grebarekin bat egin ez izanaren inguruko argudioak argi ikusi ditu Arrutik: «Prekarizazioa gehien jasaten dutenak dira, eta askotan, jendeak ideologia eduki edo ez, zailtasunez egin diezaiokete aurre hilabeteari». Horrek grebarekiko babesa agertzea edo ez zailtzen duela argi utzi nahi izan du ordezkariak, nahiz eta «nahikoa arrazoi dauden greba egiteko, eta gurekin kalera ateratzeko».
Gertakari larririk gabe igaro da greba eguna momentura arte Bidasoan. Informazioa osatzen joan ahala, balorazioen eta datu ofizialen berri ematen joango da HITZA.
Arratsaldeak utzitako zenbait irudi: