[Galeria eta bideoa] Irunen, eragin txikia izaten ari da greba orokorra
Enpresa eta denda gehienetan ez dute bat egin greba orokorraren deialdiarekin. Greba egin dutenek, ordea, euren aldarrikapenak ozen zabaldu dituzte.

Hiri handia izanda, gaurko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituriko greba orokor deialdiaren eragina txikia izan da Irunen. Hiriko denda, komertzio eta tabernek, askok, ateak zabaldu dituzte goizetik. Industrialdeetan ere aktibitatea egin da; ez egunerokoa, grebaren eragina nabaritu delako, baina izan dira lanean egon direnak, batez ere enpresa txiki eta ertainak. Hezkuntza zentroetan handiagoa izan da greba deialdiak izan duen jarraipena, eta udalean, gehiengo izan da lanean izan direnen kopurua. Udalak ez du jarduera eten. Grebarekin bat egin duten irundarrek, ordea, ozen zabaldu dituzte euren aldarrikapenak piketeen bidez, edo auto karabanen bidez.
Goizean, informazio piketeek batez ere Gabiriako industrialdean egin dute bira, eta han lanean zeuden hainbat enpresako langileek bat egin dute piketeetako kideen eskaerekin: batzuk lan egiteari utzi diote, eta izan dira piketeekin era aktiboan bat egin dutenak. Goizean, Behobia inguruan ari zen autoen pikete bat geldiarazi du Ertzaintzak, eta bertan zegoen gidari bati isuna jarri diote (baita gida baimeneko puntuak kendu ere), “trafikoa oztopatzea” egotzita. Aldi berean, Ertzaintzak grebarekin harremana zuten hainbat pankarta kendu ditu.
Goizean goiz industrialdeetan izan dira piketeak. 09:00etan, San Juan plazan geldituta zeuden herritarrek hiri barruko piketeei ekiteko. Eguerdian, Donostiako mobilizaziorantz joan dira (auto karabanan eta garraio publikoko gutxieneko zerbitzuak erabiliz) irundarrak.
17:30ean, Bidasoko manifestazioa irtengo da Hondarribiko Mendelu auzotik, San Juan plazaraino joateko.
Behealdean, goizean zehar jasotako hainbat irudi.
- Irungo Gabiria industrialdean, piketea.
- Irungo San Juan plazan, grebalariak.