Mankomunitateko presidenteak esan du erakundeak ezin duela gelditu udalek hartu dituzten erabakiak Ainhoa Intxaurrandieta San Marko Mankomunitateko presidenteak agerraldia egin zuen atzo Donostian, herenegun PSE-EEk eta EAJk Denis Itxaso presidente izendatzeko akordioa egin dutela jakin ostean. Intxaurrandietak ohartarazi zuen San Marko Mankomunitateak ez duela atez atekoa kentzeko eskumenik. Izan ere, herenegun Itxasok esan zuen «eustorma» izan nahi duela atez atekoaren «inposizioaren» aurrean. «Harrituta» zegoen Intxaurrandieta sozialistak egindako adierazpenekin, eta erantzun zion erakundeak ezin duela gelditu udalen erabakirik. Itxasori gogorarazi zion mankomunitatea osatzen duten hamar udaletatik bederatzi Bilduren eskuetan daudela. Hala ere, Itxasoren adierazpen horiek urriaren 21eko hauteskundeen aurrekanpainaren barruan ulertu behar direla uste du Bilduko kideak. EAJren jarrera ere kritikatu zuen Intxaurrandietak, mankomunitatea PSE-EEren eta PPren eskuetan utziz, «herritarren gehiengoaren nahia» alboratzen dutelako: «Zergatik bota? Akatsik egin al dugu kudeaketan? Herritarrek eta erakunde zein enpresek zoriontzen gaituztenean, alderdi jeltzaleak kalera bota nahi gaitu, herritarren borondatea urratu nahi du. Guk herritarren interesen alde egin dugu eta ez enpresa handien alde. Agian hori da arrazoia, morroi direla, eta egin ez, eta egin ere ez dute utzi nahi. Beldur diote gure kudeaketari, irtenbideak topatzen dituen kudeaketari». Erakundeko presidenteak adierazi zuen Bilduren aurkako akordioek ez dutela lortuko alderdiaren helburua baztertzea, «zero zaborreko herrialdea» baztertzea. [...]