
Goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik iluntzeko 20:00ak arte egongo da zabalik Arrantzale auzoko plazatxoan.

Hondarribiko Udalak bizi berri bat eman dio orain arteko Euskal Disko eta Liburu Azokari, 30. urteurrenean. Izena, irudia eta eskaintza berritu egin dituzte.

Hondarribiko Euskal Azokaren egitaraua osatzeko udaleko hainbat sailen laguntza izateaz gain, Blagan elkarteakin lankidetzan aritu da udala. Urte bukaerarako prestatzen ari ziren zenbait aurkezpen azokan bertan txertatu dituzte.

Gaur goizean Hondarribiko Euskal Azoka eta Eguberrietako merkatua aurkeztu dituzte. Lehena hilaren 12an zabaldu eta igandera arte (hilak 15) luzatuko da. Merkatua, berriz, hilaren 14etik 15era.

Liburu salmentaz gain, mahai inguruak eta liburu aurkezpenak ere izango dira. Itsas Etxean izango da, larunbatean zehar.

Gorka Bereziartuaren 'Abentura erraldoia. Salba dezagun kalegira' liburuaren aurkezpena baino lehen Izugarria konpartsak kalejira egingo du. Portuan barrena euskal giroa zabalduko dute.