Irun herri antifaxista dela erakutsi dute
Ehunka lagun bildu dira gaur arratsaldean Alberto Anguera plazan "auzotar patruilen" manifestazioari aurre egiteko; garaipena argia izan da.
Antifaxismoak kaleak hartu ditu. Garaipen argia izan da gaur arratsaldean Alberto Anguera plazan bizitakoa. 18:00etan, “auzotar patruilak” Irun seguruago eta libreago baten alde batzekoak ziren. Hitzordura berandu heldu dira. Ordurako ehunka lagun Irungo eragile antifaxistek deituriko manifestazioarekin bat egin baitute. 400 lagun inguru, dozenaka lagunen aurrean. Auzotarren patruilak euren auzoetatik kaleratzeko aldarriak eta oihuak nagusi izan dira. “Faxistak kanpora” oihukatu, eta 18:00ak pasatxoan halaxe egin dute auzotar patruilen alde bildutakoek.
Ertzaintzaren presentzia handia izan da; bai plazan, baita inguruko kaleetan ere. Elkarretaratzearen bezperetan, antolatzailetako bi HITZArekin bildu ziren, eta gaurkoaren helburua zein izango zen azaldu zuten: “Arrazakeriarik eta faxismorik gabeko Irunen alde kalera ateratzea”. Colaboracion Ciudadanako kideak plazatik atera dira Udaltzaingoaren laguntzaz, San Juan plazara arteko mobilizazioaren jarraitzeko asmoz.
“Irunen Euskal Herrian eta Europan gertatzen ari den bezala, azken urteotan ultraeskuinaren eta ideia erreakzionarioen gorakada ikusi dugu”, hasi dute komunikatua. Testuinguru horretan, Patrullas Ciudadanas delakoak sortu ziren iazko maiatzean, “auzoetatik paseoak emateko helburuarekin, eta segurtasuna bermatzeko aitzakiapean”. Antifaxistek salatu dute patruila hauetako kideek pubikoki behin eta berriz diotela, ez direla ez eskuinekoak ez ezkerrekoak. Whatsapp taldeen bitartez jasotako mezuek ordea bestelako errealitatea islatzen dute, eta mezu horiek azpimarratu dituzte: nazionalitate batzuen aurkako irainak, migranteen deshumanizazioa, seinalamenduak, talde ultraeskuindarren defentsa… zabaltzen dituzte behin eta berriz.
Babacar Wele gogoan
Azken astean mezu horiek ugariak izan dira halako taldeetan. Azken batean, mezu horren atzean migranteen aurkako mezuak daudela adierazi dute. Babacar Wele gogoan izan dute gaurkoan ere. Justizia eskatu dute enegarrenez. “Horrela konpontzen du estatuak pobreziaren eta bereondorio diren arazo psikologikoen arazoa, indar errepresiboaren bitartez”. Polizia gehiago eskatzeak horrelako gertakariak izatea dituela ondorio ozen oihukatu dute.
“Mila biztanleko zortzi polizia inguru daudela azaldu dute. Horrek estatuaren autoritarismoa eta kontrol sozialan sakontzea dakar, eta halaxe eskatzen dute auzotar patruilek. Horren aurrena, benetako boteretsuak ekuaziotik kanpo gelditzen direla azaldu dute.
Azken egunotan, Babacar Weleren heriotza salatzeko manifestazio ugari egin diren arren, bihar, hilak 3, Martxoak 8 plazatik abiatuta manifestazioa egingo dute. “Bihar, 17:00etan, Hondarribian egoteko deia luzatzen dizuegu, Babacar Weleri elkartasuna helarazteko eta justizia eskatzeko kaleak hartuko ditugu”.
HITZA gaurko elkarretaratzean izan da, hona hemen ateratako argazki sorta:

