"Hondarribiak ez ditu ordainduko inoren gehiegikeriak ez negozioak"
Zaldunbordaren harira udalak jasotako demandari kereila penala jartzea onartu du Hondarribiko Udalak. Abotsanitzek uste du EAJk bere erantzukizun politikoa erakutsi beharko lukeela.
Zaldunbordako artxibo argazki bat. Zaldunborda, berriro mahai gainean. Iaz, Higertoki eta Zaldunborda Berri enpresek Hondarribiko Udalari jarritako 13,4 milioiko demandaz berri izan zuen udalak. Orain, iraileko udalbatzan, aho batez erabaki dute udal taldeek bi sozietateen aurka kereila penala jartzea. Abotsanitz gertatutakoaren berri mintzatu da, eta erantzukizun politikoa eskatu du, EAJri begira.
Hondarribiko Udalak auditoria independente baten zerbitzuak erabili ditu demanda zehaztasunez ikertzeko. Ikerketa horren ondorioak ikusita hartu dute kereila jartzeko erabakia. “Txosten horren arabera, 13,7 milioi euroen ia % 92 elkarren artean lotuta dauden sozietateen arteko fakturetatik dator, eta inkoherentzia larriak ageri dira”, azaldu du Abotsanitzek, ohar bidez. Udal gobernuko taldeak dio hondarribitar guztien ondarearen aurkako erasoa dela bi enpresek egindakoa.
Makro outlet bat egiteko proiektua zen Zaldunbordakoa. Jaizubia auzoan, Gaintxurizketa azpian milaka metro karratuko espazioa sortzea zuen helburu proiektuak. Aurreikusitakoaren arabera, 100 saltoki, ostalaritza gune ezberdinak, 2.000 aparkaleku eta gasolindegi bat eraikiko ziren. Azkenean, Hondarribiko Udaleko udal gobernua osatzen zuen EAJk hainbatetan aurrera egiteko asmoa erakutsi arren, bertan behera geratu zen proiektua. “Zaldunbordako pelotazoaren atzean ez zen sekula egon Hondarribiarentzat interesgarria zen proiekturik, lurzoru eta baliabide publikoen kontura egindako aberasteko saiakera pribatu bat besterik ez zen izan”, adierazi du Abotsanitzek.
Koronabirusaren aurreko urte haietan, herriko gatazka nagusienetakoa izan zen Zaldunbordakoa. Garai haietan, Abotsanitzek gogor egin zuen makro outletaren aurka, Zaldunborda Bizirik plataformari babesa emanez. “EAJrekin lotutako enpresa-sarearen inguruan sozietate-egitura bat diseinatu zen, helburu bakarrarekin: alderdiaren eta enpresen interesen neurrira egindako pelotazo urbanistiko bat antolatzea”, esan du herri batzarrak.
EAJko buruzagiei begira
EAJri zuzendu dio proiektuaren erru guztia, eta zehazki, alderdi jeltzalearen buruzagiei. “Bakartasunez defendatu zuen EAJk Zaldunborda. Aitor Kerejeta eta Txomin Sagarzazu, alkate ohi gisa, egoera honetara eraman gaituzten erabakiak bultzatu, babestu eta blindatu zituztenak izan ziren. Maria Serrano, proiektua bultzatu zen garaian, Merkataritza eta Turismo zinegotzia izan zen, eta gaur egun EAJren erreferente eta Hondarribiko jeltzaleen alkategaia da”.
Tokiko merkataritzak ahotsa altxa zuen gatazka hartan. Zaldunborda Bizirik plataforman asko izan ziren herriko komertzioak, makro outlet batekin haien etorkizuna beltza ikusten zutenak. “Interes orokorraren eta publikoaren defentsa hertsian jardun dugu. EAJk promotoreen aurrean erakutsitako men-egite instituzionalaren aurrean, gure lehentasuna izan da eta da hondarribiar guztion diru publikoa babestea”. Abotsanitzen ustez, demandaren mehatxua iristerakoan, EAJk Abotsanitz salatu zuen, egoera horretatik irteteko xedearekin. “Hondarribiak ez ditu ordainduko inoren gehiegikeriak ez negozioak.”.

