Atzoko hilketaz mintzatu da Hondarribiko Udala
Udalak adierazi du hausnarketa prozesu bat eragin beharko lukeela egoera honek, eta doluminak aurkeztu dizkio hildakoaren senide eta ingurukoei.
Hondarribiko Udalak onartutako lan eskaintza publikoak gauzatzeko galdegin dio Abotsaniztek EAJren Udal Gobernuari. Atzoko hilketaren harira, Hondarribiko Udalak, udalbatza osatzen duten talde politiko guztien izenean, adierazpen bat egin du. Lehenik, haien atsekabea erakutsi nahi izan dute, eta haien doluminak aurkeztu dituzte hildakoen senideei, lagunei eta ingurukoei.
Hausnarketa aipatu dute behin eta berriz politikariek. Igor Enparan alkateak gaur goizean emandako elkarrizketetan gizarte moduan hausnartzeko momentua dela adierazi du, eta hala agertzen da udalbatzak egindako adierazpenean. “Heriotza honek guztiontzako hausnarketa sakona eskatzen du”. Babacar Welle nahasmendu mentalengatik kaltetua zegoen atzo, eta aspalditik bizkarrean zeraman egoera zen hura. Horragatik, udaletik, adierazi dute horrelako egoera “bereziki zaurgarrian” zegoen pertsona batek horrela bizia galtzen duenean, “gizarte gisa eta erakunde gisa hausnartu behar dugu ea pertsona horri behar zuen laguntza eta arreta eskaini ote diogun”.
Gertatutakoaren inguruan Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du, zehaztasun guztiak jakiteko. “Udalbatzak ikerketa horretan ezinbestekotzat jotzen du gertakariak zorroztasunez, gardentasunez eta berme guztiekin argitzea”, esan dute adierazpen bateratuan. Halere, Udaltzaingoa izan zen Babacar Welle hil zuen erakundea, haien agente baten eskutik. Horren eta udaltzaingoaren erantzukizunaren inguruan ez du ezer aipatu Hondarribiko Udalak.
Errespetua eskatuz
“Udalbatzak, azkenik, errespetu, zuhurtzia eta batasun mezua helarazi nahi du, gure komunitatean samin eta kezka sakona eragin duen heriotza honen aurrean. Era berean, errespetua adierazi nahi diegu heriotzak zuzenean eragindako pertsona guztiei”.
Gaur arratsaldean 17:00etan egingo du Senegaldarren Komunitateak Welleren omenaldia. Martxoak 8 plazatik abiatuko dira, eta Itsasargi kaleko biribilgunera hurbilduko dira.

