Keinu asko, errealitate bat
Jaizkibelen desfilean inguruan, aurretik eta ondoren, keinu esanguratsuak izan dira gaur goizean.
Jaizkibel konpainiak Hondarribiko festen egun handiena denena izatea bermatu du. Kontaketa zehatzen zain, esan daiteke konpainia bera, hasieratik bukaerara, ia amaiezina izan dela. Gaur, eta gaur baino lehen azken orduetan keinu asko izan dira, konpainiaren egitekoa, funtzioa, misioa eta eragina ezaugarritzen dituztenak: festetan denek berdintasunean gozatu eta emozionatzea, eta Hondarribian erro sendoak, gero eta sendoagoak dituela azaltzea.
Gernikako Arbolara iritsi baino lehen keinuetako bat. San Pedro kalean, Zabalaren Txokoan, lore sorta utzi du Garazi Arrozpide Gonzalez kantinerak haren segizioaren laguntzarekin. Gaur bete dira 50 urte guardia zibil batek bi tiroz hil zuela Josu Zabala Erasun 24 urteko irundarra. Larunbatean omenaldia egin zioten San Pedro kalean.
Gero, Gernikako Arbolan, konpainiaren luze-zabala osotasunean ikusi ahal izan da. Beste keinu bat han, desfilean eta egunean zehar apreziatzeko aukera izango dena: Jaizkibeleko kide askok bere auzoko, hurbileko, edo familiako konpainiaren zapiak edo janzkeren trazak eraman dituzte, konpainia herrira zabalik dela berriz ere jakinarazteko.
Keinurik, edo unerik gorenena Kale Nagusian izan da: gaur duela 30 urte egin bezala, Kale Nagusiko soto batetik irten eta orduko hartan bezala Alardearekin bat egin du emakume talde batek; 1996an 26 izan ziren. Aske gozatu dute festaz, Jaizkibeli bidea zabaldu diote, 1996an hasitako bide horri eutsiz Gaur 30 urtez borrokan, emakumeok Alardean pankarta eskuan zutela. Hor keinuak emozio, harrotasun eta konbikzio geldiezin bilakatu dira. Izan ere, konpainia aurten inoiz baino handiagoa izan bada ere, espaloi eta errepide ertzetan izan duen babesa ere sekulakoa izan da, inoizko handiena hura ere. Kale Nagusian izan dira bizkar emanda harrera egin diotenak Jaizkibeli; gero eta gutxiago dira. Kale Nagusia igo eta bere egin dute Arma Plaza. Hunkitu egin dira han denak, gazte edo adineko izan. Gernikako Arbolara bueltan, konpainia ez parekideetako hainbatek harrera egin diote Jaizkibeli; ez dira asko izan. Baina iaz gehiago bai. Beste keinu bat.
Hurrengo keinua, Sainduara iritsi aurretik, San Nikolas zubian. Urtero Jaizkibelen zaleek pankarta zintzilikatzen dute han. Aurten, 1996ko irailaren 8 hartan jai parekideen bidea zabaltzen hasi ziren haien irudia zuen euskarriak. Ate hura zabaltzeagatik milesker, leloa.
Ustezko normaltasunez joan da Jaizkibelen bidea. Ez da tira-bira edo istilu nabarmenik izan. Alde Zaharreko elizan nahiz udaletxean ordezkari politiko eta sozial askoren harrera izan du konpainiak. Baina errealitatea da oraindik ere herriko konpainia guztiek, Jaizkibelek izan ezik, ez dituztela emakumeak soldatu bezala onartzen. Ez dutela onartzen hondarribiar orok festak nahi bezala bizitzea, emozionatzea, sentitzea. Baina errealitatea ere da gaur, atzo baino hurbilago dagoela Hondarribiko festak parekideak izatea, nahiz eta bide hori mantsoa izan, eta koskaz eta ukoz betea egon.
Goizean zehar gizarte eragileen eta ordezkari politikoen erreakzioak publikatuko ditu HITZAk. Ondoren, Jaizkibel konpainiaren bidearen argazki sorta handia eta bideo osoa.

