Duela 30 urte, eta gaur, emakumeak Alardean
Jaizkibel konpainiak hasi du Hondarribiko festetako egun handieneko bidea. Duela 30 urte Alardean sartzen saiatu ziren emakumeek ireki dute, duela hiru hamarkada bezala, bidea.
Hondarribiko Jai Nagusietako egunik handiena gaurkoa, irailaren 8koa. Alardearen eguna. Jaizkibel konpainiak bakarrik bermatuko du hondarribiar orok egun handia nahi den bezala gozatzea, desfilean soldatu bezala emakumeen presentzia bertan bakarrik izango baita. 07:45ean iritsi dira Gernikako Arbolara konpainiako kide gehienak, Alardearen hasiera unera. Iaz bezala, bai Jaizkibelek zein konpainia ez parekideek bertan dute hitzordua desfileari ekiteko, udalak hala erabakita. Jaizkibel han izan da; besteak ez. Hutsune saiakera berriz ere, mespretxua: belardi osoa hartu du Jaizkibelek, asko-asko direlako. Zapi koloretsua berriro izan dute konpainiakoek soinean; nahi izan duenak bere konpainiako, edo familiako konpainiako ikurrak eta janzkerak ere eraman ditu
Gaur 30 urte dira 26 emakume Kale Nagusiko soto batetik atera, eta Alardearekin bat egiten saiatu zirela. Bultzaka eta irainka festen ekitaldi nagusienetik atera zituzten orduko hartan. Uko hori egikaritu zutenek ez zekiten bai Jaizkibel, nahiz herrian den berdintasunaren aldeko oldea urtetik urtera, urrats oso handitan ez bada ere, haziko zela. Alardearen denen eguna dela, desfilea denena dela aldarrikatu zuten horien arrazoiak denborarekin irabaziko zuela, nahiz eta aldaketa nahi bezain motelago iristen ari den.
Nora Ferreira Jaizkibelen kapitainak adierazpenak egin ditu Gernikako Arbolan. 1996an Alardera sartzea deliberatu zuten emakume horiei aitortza irmoa egin die. “Urtetik urtera jende gehiagok bat egiten du Jaizkibelekin Gernikako Arbola osoa hartu dugu. Gozatzera atera gara: ez gaude ziur, baina 1.000tik gora izango gara. Inoiz baino gehiago izango gara, bai konpainian, bai eta errepide ertz eta espaloietan”. Harro mintzatu da Ferreira, emozioz. Hazten segiko dutela esan du.
Ferreirak azken urtea du kapitain. Berriz ere 30 urtera atzera begira jarri da esateko gustua izan dela Jaizkibelen buru izatea, eta ohorea 1996ko hartan urratsa egin zuten emakumeekin espazioa konpartitzea. “Oso pozik eta urduri nago. Azken urtea dut kapitain. 26 emakume horiek erreferente dira niretzat, eta zortea izan dut 26 emakume horiekin egoteko, haien hitzekin borroka feminista hau nola zabaldu zuten entzuteko. Eta aurten haiekin ospatuko dut hau guztia. Hau geldiezina da”.
Gernikako Arbolatik Kale Nagusirako bidea hartu du Jaizkibelek. Han, gaur duela 30 urte bezala, 26 emakume horietatik gehienak soto beretik atera dira. Konpainiaren buru jarri, eta Gaur 30 urtez borrokan, emakumeok Alardean lelodun pankartarekin zabaldu dute jendaurrera. Festen egunik handienean, gaur, duela 30 urte bezala, harro izan dira herriko festen emozioa denena, denentzat dela esaten.
Informazio hau eta Alardean izandakoak osatzen joango da HITZA goizean zehar.

