"Ez nuen espero aurten izatea, eta ilusio handiarekin hartu dugu denok"
Arrantzale alaba izanik, Goikoetxeak bazekien noizbait aukera hau esku artean izango zuela. Baina ez aurten. Beraz, ezustekoa izanik, emozioz bizitzen ari da prozesua.
Egun berezia da Santiago eguna itsasotik bizi diren familientzat. Arrantzaleak etxean izaten dira, Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiarentzat egun handia da-eta. Herritik ikusiko dira patroiak, arrantzaleak, arrauna eramaten duten gazteak, Hondarribia Hiria Banda… Kofradiaren botere banaketa egiten da, eta noski, Kutxa herritik ibiltzen da. Olaia Goikoetxea da aurtengo Kutxa eramailea, San Pedro egunean aukeratu zuten, eta jada denbora darama entrenatzen. Oraindik ez daki zenbat buelta emango dituen, baina eguna disfrutatzea du xede.
Familia arrantzale batetik etorrita, bazenekien noizbait aukera bat izango zenuela, ezta?
Bai eta ez. Beti nahi izan dut kutxa eraman, baina justu aurten uste nuen ez zela nire urtea. Bazegoen ni baino jende helduagoa, eta beraz, uste nuen haiek lehentasuna izango zutela aurten behintzat. Banekien gutxi gorabehera noizbait aukera izango nuela, baina esan bezala, ez aurten.
Nola egiten da urteroko aukeraketa?
Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiako zuzendaritzako lehendakariak aukeratzen du nork eramango duen Santiago egunean kutxa. Orain, Norberto Emazabel da lehendakaria, eta beraz, berak aukeratzen du. Berez ez dago zerrendarik ez ezer. Nire aitak duela urte batzuk esan zion Norbertori ni ere kontuan hartzeko urteren batean. Arrantzalearen alabak gara aukeratutakoak, hori da baldintza bakarra.
Nondik datorren tradizioa da hau?
Nik uste hainbeste urte dituela ez dagoela oso zehaztua noiz hasi zen eta zergatik hasi zen. Santiago eguna egun garrantzitsua da arrantzaleentzat, eta berez, tradizioak edo ohiturak dio, kutxak zenbat eta buelta gehiago eman, arrantza hobea izango dutela arrantzaleek hurrengo hilabeteetan. Lehen ahalik eta buelta gehien ematen saiatzen ziren, esan bezala zorte on hori erakartzeko, baina nik uste jada azken urteetan gauza sinbolikoagoa dela, eta ez dela saiatzen hainbeste itzuli ematen.
Kutxa kanpotik ikusten dugu bertaratzen garenok, baina barruan zer dago?
Paperak eta objektuak. Kofradiako arrantza eta kontu liburuak daude, adibidez, eta baita Kofradiak dituen erlikia ezberdinak ere, arrantza munduarekin lotura dutenak noski.
Pisutsua dirudi.
Berez 10 kilo pisatzen ditu kutxak berak. Ondoren, gauzak sartzerakoan, 18 kilotara iristen da.
Beraz, zuretzat, hutsa hobe, ezta?
Bada, ez pentsa. Lehenengo entsegua egin nuenean hutsa nuen kutxa, eta askoz ezegonkorragoa zen, zailagoa zen manejatzea. Pisuarekin gutxiago mugitzen da, eta beraz, nire ustez behintzat, nahiago dut beteta egotea.
Pisu hori guztia buru gainean doa.
Bai, hala da. Toalla bat jartzen da, minik ez egiteko. Gainera, aurreko urteko kutxek hainbat aholku eman dizkidate eramaterakoan erosoagoa izateko. Adibidez, esan didate pisua ahalik eta gehien buruan jartzeko, eta ekiditeko eskuekin indarra egitea. Eskuekin eramaten badut, azkenean nekatu egingo naiz, eta eskuak lokartu daitezke. Beraz, ibilbidea ez denez motza, eta gero gainera bueltak eman behar ditudanez, buruan jarriko dut pisua.
Nolakoak dira entseguak?
Gutxinaka goaz. Hasieran, esan bezala, kutxa hutsarekin ibili naiz, eta gero, gutxinaka pisua jarri didate. Beko Errotako aparkalekuan egiten dira normalki entseguak. Azken finean, egunean bertan ere nahiko ibili behar da, beraz, ez da soilik pisua buruan jartzea, baizik eta horrekin ibiltzea ere.
Santiago egunean, ibilbidean zehar beti al daramazu kutxa buruan?
Ibiltzerakoan bai, baina parrokiara iristean kendu egin beharko dut. Meza egiten da, eta horretarako barruan diren liburuak behar dira, irakurri egiten direlako. Gero, berriro ere kutxa barrura, eta Portua aldera jaitsiko gara. Hermandadera iristean hasi beharko dut bueltak ematen, bandak jotzen duen bitartean.
Santiago eguna berezia da zuentzat. Arrantzaleek tarte luzeak ematen dituzte udan etxetik kanpo, baina badakizue egun horretan behintzat etxean izango direla. Gogorra al da arrantzale baten familiarentzat udara?
Bai, noski. Baina era berean gu horrekin jaio gara. Txikitatik bizi izan dudan zerbait da udaran nire aita etxean ez izatea. Oso normalizatuta dugun zerbait da, baina egia da etortzen direnean festa gailentzen dela. Lehorrean 30 ordu egon behar badira, 30 ordu horiek aprobetxatu behar ditugu, ahalik eta plan gehien eginez, kanpoan bazkalduz… Horrelako gauzak.
Txikitan Kutxa ikusten zenuenean, hor egon nahi al zenuen?
Nik uste arrantzale familietan jaio garen neska gehienek ikusten genuela Kutxa miresmen bereziarekin. Ibilbidea ikustean, denok pentsatzen genuen Kutxa izan nahi genuela, baina era berean, ez ginen kontziente zer nolako lana dakarren. Halere, ilusioa eta gogoa gailentzen dira, eta ez bakarrik nirea, familia osoarena baizik. Denok hartu dute notizia gustu handiarekin, eta gainera, etxeko lehenengoa naizenez, berezia da.
Arratsaldean izango da ibilaldia. Goiza nola pasako duzu?
Urduri. Goizean prestakuntzak egiten dira, hala nola ile apaindegira joan edota makillatu. Baina berez arratsaldera arte ez da ezer hasten. Urduri nago, eta urduri egongo naiz, baina gozatzeko aukera daukat. Gomendatu didate ongi jatea, indarrak hartzeko, baina ez dakit kapaza izango naizen, agian ezin izango dut ondo bazkaldu ere.
Zenbat buelta emateko asmoa duzu?
Oraingoz behintzat ez daukat zenbaki zehatz bat. Giroa, eguraldia, nire sentsazioak… denak baldintzatuko du. Beraz, ikusiko dugu egunean bertan nola nabilen.

