"Larrialdietako arretaren gabeziak ez dira konpondu"
Osasun Bidasoa plataformak Osakidetzak egindako adierazpenak ezeztatu ditu, hobekuntzak iragarri arren egoera kezkagarria dela salatu dute.
Ekainaren 15ean Zabaltza plazan milaka herritar bildu ziren.Osasun Bidasoa Pasa den astean, Irun Erdialdeko lehen arretako osasun zentro berria birgaitzen hasi ziren, eta bertan izan zen Pedro Morrondo Bidasoa ESIko zuzendaria. Atzo, hilak 16, Alberto Martinez Osasun kontseilaria Bidasoko osasun arretaren gaineko adierazpenak egin zituen. Osasun Bidasoa plataformak Osakidetzak egindako adierazpenak ezeztatu ditu. “Larrialdi-arretan hobekuntzak iragarri dituen arren, Bidasoa eskualdeko larrialdi-arretaren egoera oso kezkagarria da”, adierazi du plataformak.
Morrondok zein Martinezek udan lehen arreta bermatzeko zerbitzua indartuko dutela iragarri dute, bereziki, pediatrian eta erizaintzan. Plataformak salatu du indartze neurri horiek ez datozela bat errealitatearekin: “Ez da egia 2026 osoan zehar lanegun guztietan arratsaldez bigarren mediku bat egon denik”. Pasa den astean, Bidasoa ESIko zuzendariak zin egin zuen 2026tik aurrera, urteko arratsalde guztietan bi erizain izango dituela; eta astelehenetik ostiralera, arratsaldero, bi mediku ere.
Haren hitzetan, urtarrilean, otsailean, Aste Santuan, uztailean, abuztuan eta abenduan lanegunetan mediku-errefortzuak egongo dira. Plataformak hitz horiek ezeztatu ditu: “Hori ez da egia. Urteko egunen erdietan mediku bakarra dago, eta gainerako egunetan baino ez da estaltzen bigarren medikuaren errefortzua, 17:00etatik 22:00etara”, salatu du Osasun Bidasoak. Pediatriako larrialdiak itxi zituztenetik urtebete baino gehiago pasa da. Orduan, lanegunetan 17:00etatik 22:00etara eta larunbat zein jaiegunetan 09:00etatik 22:00etara pediatra bat EAGan egongo zela agindu zen. Egoera guztiz kontrakoa da, ordea, “ordutik ez da inoiz pediatriarik egon bertan”.
Errefortzu neurria apirilaren 14an kendu zuten, eta horrek EAGko profesionalen haserrea eragin zuen. Uztailean, lanegunetako arratsaldeetan bigarren medikuaren errefortzua berrezarri dute. Hala ere, plataformak adierazi duen bezala, udan medikuen heren bat ordezkapenik gabe dago. “Horrek zaildu egiten du larrialdiei behar bezala erantzutea; lanean dauden medikuek beren kontsultak, larrialdiak eta ordezkatu gabeko lankideen pazienteak artatu behar dituzte. Ez dago bermatuta pediatrak 17:00ak arte osasun-zentroetan egotea. Pediatrarik ez dagoenean, familia-medikuei eskatu zaie pediatriako larrialdiak ere artatzeko”.
Larrialdiak egoera larrian
Bidasoa Ospitaleko larrialdeen egoera ere ez da herritarrek merezi dutena. Osasun Bidasoak azaldu du larrialdi orokorretan, egunez bost mediku eta gauez bi egon beharko liratekeela. Maiatzean bertako langileek ere kolapso arriskuan daudela salatu zuten, eta ordutik ez da hobekuntzarik izan. “Uztailean, datuen arabera, eguneko txanden %20a baino ez dago bost medikurekin estalita. Hogei egunetan lau mediku baino ez dira egongo, bost egunetan hiru, bi egunetan bi, eta egun batean mediku bakarra”, adierazi dute.
Lan karga eta ziurgabetasuna areagotu dira azkenaldian, eta aurreikuspenen arabera abuztuko egoera ere ez da hobetuko, aurreikuspenak kezkagarriak direla diote. “Eguneko txanden %40a bakarrik egongo dira bost medikurekin. Hamalau egunetan lau mediku izango dira, hiru egunetan hiru eta bi egunetan bi baino ez. Gaueko txandetan, hamar egunetan mediku bakarra aurreikusten da, eta bi egunetan ez da medikurik aurreikusten”.

