Gutuna: "Bidasoaldeko larrialdi-arretaren kolapsoa, Irun Erdialdeko EAG-a ere muga mugan"
Irun Erdialdeko etengabeko arreta guneko (EAG) langileek elkartasuna babesa helarazi diete Bidasoa ospitaleko larrialdi zerbitzuko langileei. Irun Erdialdeko langileek eskualdeko osasun sistemaren egoera salatzeko gutuna helarazi diote HITZAri.
Hona hemen Irun Erdialdeko etengabeko arreta guneko langileek idatzitako gutuna, hitzez hitz.
Irun Erdialdeko etengabeko arreta guneko (EAG) langileok gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Bidasoa ospitaleko larrialdi zerbitzuko gure kideei, eta publikoki adierazi nahi dugu bat egiten dugula eskualdean larrialdi-arretan gertatzen ari den gainbeheraren harira plazaratu berri duten adierazpenarekin. Beldur gara egungo egoerak ez ote duen sistemaren kolapsoa eragingo, Bidasoa ospitaleko zuzendaritzaren eta Osakidetzaren planifikazio zein erantzun falta eta gertatzen ari denaren aurrean erakusten ari diren pasibotasuna kontuan izanda.
Bidasoaldeko larrialdi-arreta oinarrizko hiru zutabetan bermatu izan da: ospitaleko larrialdi orokorretan eta pediatriako larrialdietan, batetik, eta Irun erdialdeko EAGko lehen mailako arretako larrialdietan, bestetik. Baina, 2025eko apirilean ospitaleko pediatriako larrialdiak ixteko erabakia hartu zenetik, hiru zutabe horietako bik bakarrik eutsi behar izan diote eskualdeko larrialdi-arretako zerbitzuari. Orduz geroztik, EAGak bere gain hartu behar izan du, hein handi batean, premiazko pediatria-arretaren ardura. Kontuan izan behar da funtsezko zerbitzua den arren, aldaketarik txikienak ere kalte handia eragin diezaiokeela EAGari, giza baliabideei zein azpiegiturei dagokienez dituen mugak direla eta.
Egoera horrek gainkarga erantsia ekarri dio pandemiaz geroztik muga-mugan zegoen gure zerbitzuari. Azken urteotan hazi egin dira osasun-arretaren eskaria eta horren konplexutasuna, eta pediatriako larrialdiak ixteak are gehiago okertu du lehendik ere jasanezina zen egoera, ez baita ez langile kopurua areagotu ez azpiegitura egokirik ezarri.
Pediatriako larrialdiak itxi zirenean, arratsaldeetarako eta asteburuetarako pediatra baten zerbitzua ezarriko zela iragarri zen konpentsazio-neurri gisa, baina iragarritakoa ez zen sekula gauzatu. Horri, gainera, Irungo EAGak pairatu dituen murrizketa berriak gehitu behar zaizkio. Izan ere, asistentzia-presioa gero eta handiagoa den bitartean, eguneroko mediku-errefortzua ezabatzea erabaki da, profesionalek aurkako jarrera argia erakutsi duten arren.
Aldi berean, lantaldearen lan-baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute. Azken hilabeteotan opor-eskaerak ukatu egin dira eta lan-txandak etengabe aldatu. Gainera, antolakuntzari dagokionez ere gero eta ziurgabetasun handiagoa pairatzen ari gara, aurreikuspenen arabera ezinezkoa izango baita udan beharrezko ordezkapen guztiak egitea.
Horrekin batera, profesionalen aurkako eraso gero eta gehiago jasaten ari gara, bai fisikoak zein hitzezkoak. Eraso hauek, gainera, asistentzia dagoeneko saturatuta dagoen testuinguruetan gertatzen dira, langileak eta pazienteak behar bezala babesteko prebentzio-neurri eraginkorrik edo segurtasun-baliabide egokirik gabe.
EAGko langileek behin eta berriz adierazi dute zerbitzuaren egoerarekiko kezka sakona, baina ez dute trukean inolako irtenbide-proposamen gauzagarririk jaso. Honek guztiak higadura fisiko eta emozional handia eragiten du lantaldean, nekea eta frustrazioa egunetik egunera areagotuz. Nabarmena da baldintza hauetan zerbitzua mantentzea gero eta zailagoa dela, eta langileen artean gero eta hedatuago dago uste hori. Are gehiago, profesional asko zerbitzua uzteko aukera ere aztertzen ari dira, duten irtenbide bakarra hori izan daitekeelakoan.
Tristea eta mingarria da guretzat idatzi hau argitaratu beharra, baina egoera ikusita behar beharrezkoa iruditzen zaigu Bidasoaldeko larrialdi-zerbitzuen egoeraren berri ematea. Arestian esan bezala, bat egiten dugu larrialdi orokorretako gure kideen adierazpenarekin, betebehar moraltzat jotzen baitugu herritarrei sistemaren errealitate gordin hau helaraztea. Gure ustez, behar beste baliabiderekin hornitutako eta dagokien tamainako larrialdi-eredu bat merezi dute herritarrek. Horrela bakarrik izango dute bermatuta kalitatezko osasun-arreta publiko, duin eta segurua.
Gure kideek azaldutako kezka sakona eta nekea erabat geure egiten ditugu,
Irun Erdialdeko EAGko langileak: zeladoreak, erizainak eta medikuak.
Sinatzaileak: Javier Alaba Trueba, Maddalen Alkain Cendoya, Irene Amiano Aguirrezabala, Miren Josune Artola Inciarte, Jone Bereziartua Salamero, Ibilkor Bravo Corral, Milenko Callañaupa Gonzales, Inmaculada García García, Cristina Ibeas Lana, Oihana Iriarte Echeguia, Elena Marcos Poveda, Maialen Martínez Martín, Maria Jesús Martínez Pérez, Yosu Michelena del Campo, Kaiet Miguel Zapatero eta Onintze Zinkunegi Artzelus. Irun Erdialdeko EAGko langileak.

