Biltzen hasi dira, 30. urtez jarraian parekidetasunean desfilatzeko
30. aldiz aterako da gaur Irungo Alarde Parekidea denek sanmartzialen egun handiaz berdintasunean gozatzeko aukera bermatzeko.
1996ko ekainaren 30ean batzuk zirenak, orain asko dira. Egun horretan hasi ziren emakumeak soldadu bezala desfilatzen Irungo Alardean. Ordutik, asko handitu da Irungo Alarde Parekidea. 2.300 kide izango dira 30. urtez sanmartzialetako egunik handienean, irundarrentzat euren sorterriko egunik handiena denean festaz gozatzen. Emakume eta gizon. Denek era batera edo bestera parte hartzek aukera eta toki berberekin. Eskubide osoekin. Oraindik ez da Irunen Alarde publiko bakarrik. Baina hiru hamarkada pasata, berriz ere kalean dira inor baztertzen ez duten konpainiak. Urdanibia plazan biltzen hasi dira. Galtza zuri, jaka beltz, eta txapel gorri. Denak berdin.
10:20an egingo dute Arrankada, eta ondoren San Martzial kaletik gora San Juan plazara iritsiko dira han agintarien harrera jaso, eta Bidasoa konpainiako abanderatu Iker Monterok hiriko bandera jasotzeko. Errebista ere egingo du Patxi Perez jeneralak. Festa betea Irun bihotzean daramatenentzat. Emozioa.
Alaitasuna. Festarako gogoa. Hiriko egun handienaren zati izateko desioa. Berdintasunean eta aldarrikapenetik. Horiek goizean goizetik Alardea hasi aurretik Urdanibia plazan bildu direnen nahiak. Agur artean, irribarrez, pozik hasi dira iristen hamabi auzoetako konpainiak Moskuko plazara. Indar bat bildu da han, egunean zehar hiri osora zabalduko dena. Jarraian, Alarde Parekideak martxa hartu aurretiko irudiak, Urdanibia plazakoak.

