"Gorroto eta intimidazio" mezuengatik, babesa eskatu du Alarde Parekideak
Alarde Parekideko juntak "ekainaren 30ean Kale Nagusian mobilizatzeko sare sozialetan hedatu diren deialdien aurrean" kezka adierazi dio Ertzaintzari.
Alarde Parekideko juntak “ekainaren 30ean Kale Nagusian mobilizatzeko sare sozialetan hedatu diren deialdien aurrean” kezka adierazi zion Ertzaintzako zuzendariari ekainaren 25ean helarazitako gutun baten bidez. Beldur dira Alarde Parekideko kideak euren kontrako oldarraldia jasoko dutela gaur (hilak 30, asteartea) arratsaldean, batez ere Kale Nagusiko ibilbidean.
Antxeta Irratiak zabaldu duen informazioaren arabera, Alarde Parekideko ordezkariek azaldu dute uste zutela “intimidazio eta jazarpen kanpainak” atzean geratu zirela. Baina azken gertakarien aurrean, eta emakume talde batek Irungo Udalari Alardean desfilatzeko eskatu ziola 30 urte bete direnean “gorrotoa eta intimidazioa berriz ere” antzematen dituztela ziurtatu dute. “Desfilatzeko eskubidea bermatzeko urte luzetan behar izan dugun Ertzaintzaren babesa iragana zela pentsatzen genuen”, nabarmendu dute haien gutunean.
Hala ere, aurtengo entseguetan emandako tentsio uneak batetik, eta sare sozialetan Alarde egunerako hedatu diren mobilizazio eta ekintza deialdiak kontuan hartuta, Alarde Parekidean parte hartzeko hautua egiten duten pertsona guztiek “irainduak eta erasotuak izateko beldurrik gabe” desfilatu ahal izateko beharra nabarmendu du Alarde Publikoaren juntak. Era berean, desfilean mando eta zaldiek desfilatzen dutela oroitarazi dute, eta Kale Nagusia ikuslez beteriko kale estua dela ohartarazi dute.
Alde horretatik, Irungo Alarde Parekideak desfilatzeko eskubidea istilurik gabe bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzan galdegin dio Ertzaintzari.

