Bilatu
Sartu
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Bilatu
  • Albisteak
    • Gaiak
      • Aisia
      • Ekonomia
      • Euskara
      • Gizartea
      • Hirigintza
      • Ingurumena
      • Jaiak
      • Kirola
      • Kultura
      • Politika
      • Udala
      • Orokorra
    • Herriak
      • Hondarribia
      • Irun
    • Generoak
      • Albisteak
      • Editorialak
      • Elkarrizketak
      • Erreportajeak
      • Iritzia
      • Kronikak
      • Publirreportajeak
  •  Multimedia
    • Argazkiak
    • Bideoak
  • Podkastak
  • Agenda
    • Zerrenda
    • Hilabetea
    • Agendan parte hartu
  • Zozketak
  • ADIMEN ARTIFIZIALA
  • Gidak
    • Bertara Bertatik
    • Plazara Plazatik
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Sartu
Jaiak
SANMARTZIALAK

30 urtez Alardearen gatazkan

Hiru hamarkada pasa dira lehen aldiz emakumeek Irungo Alardean soldadu bezala lehenengoz desfilatu zutenetik. Alarde publiko eta parekide baten aldeko borrokak aurrera darrai oraindik, ordea.

Urko Iridoy Alzelai
Irun
2026/06/26

Duela 30 urte, 57 emakumek garai hartan Bidasoan pentsaezina zena egin zuten: haien herriko festetako ekitaldi nagusian parte hartu. Urdanibia plazan, Irungo Alardeko Ama Xantalen konpainia pasatzen zen bitartean, eskopeten artean, lerro batek pausua eten zuen, eta hor sortutako zuloan sartu ziren 57 emakume eta beste hainbat gizon. Ibilbide motz baina gogorra egin zuten San Juan plazara, eta bertan bukatu zuten haien ibilbidea. Motza izan arren, egun hartan emandako pausuek ibilbide luzea izan dute hurrengo 30 urteetan, eta orain arte iritsi dira. 2026. urtean, ez dute egun hartan zuten helburua lortu oraindik, baina pausuak handitzen joan dira, denboran zehar luzatzen. 

Alarde Parekide bakar baten alde ekiten hasi ziren duela hiru hamarkada, eta berdin jarraitzen dute egun Irungo milaka pertsonak. Alarde Parekidea eta Alarde tradizionala, parekidetasuna eta bazterketa. 2.300 pertsonatik gora izan ziren iaz San Martzial egunean parekidetasun horren bila, baina tradizioari bizkarra eman gabe, haien herriko ondarea mantendu nahian, errespetuz, miretsiz, baina egokituz.

Irungo eta Hondarribiko emakumeek egun badute haien herriko festetako ekitaldi nagusienean parte hartzeko aukera, baina ez nahiko luketen moduan. Alarde publiko, parekide eta irundarra da 2.000 pertsona horiek eskatu zutena iaz. Aurten ere eskatuko dute.

Landetxa, Danborrada eta Olaberria

Hiru irundar elkartu ditu hitza-k 30 urte horien aitzakiekin. Maider Martiarena Landetxa konpainiako kidea da. Harreman estua izan du betidanik ekainaren 30eko egunarekin, familiarekin egoteko eguna baita harentzat. 2001. urtean, Alarde tradizionaleko Ventas konpainiako kantinera izan zen, baina gertutik ezagutu zuen 57 emakume horien ibilbidea, urte horietan haren lagunen batek pausu hori eman baitzuen. “Betidanik bizi eta gozatu izan dut Alardea, baina ez nuen inoiz pentsatu ere bertan soldaduz ateratzeko aukera existitzen zenik, 1996an pausu hori eman zuten arte”, azaldu du Martiarenak. 2001. urtean, kantinera bezala asko gozatu zuen, baina hortik aurrera ez zuen konpainia hartan ateratzeko aukerarik izan. 

Hainbat urte eman ditu Martiarenak erdigune horretan, lagunak bi aldeetan edukiz, Alardea berdin-berdin bizitzen. Baina 2022. urtean eman zuen pausua, eta bere lagun eta senideren batekin batera, Landetxa konpainia zapaldu zuen lehenengoz. “Nire ibilbidean eboluzio hitza nabarmentzen dut. Pausuak ematen joan naiz, eta uste dut bilakaera handia izan dudala”. Urtero, San Martzial ermitan botoa ematen du, hori baita Alardearen funtsa bere ustez. “Nire familiarekin batera joaten naiz ermitara. Zaila izaten zaigu halere, Alardetik lehenago atera behar gara eta garaiz iristeko”.

Carla Pavesik Danborradako danbor nagusiaren ardura hartu behar du aurten, baina haurdun dago, eta beraz, ezin izango du bere konpainia gidatu. 17 urte daramatza Irungo Alarde Parekidean parte hartzen, nerabezarotik. “Txikitatik bi Alardeak ikusi ditut, baina hazten joan nintzen heinean, hainbat gauza ikusten hasi nintzen. Nire ama irundarra da, baina aita italiarra. Hona etorri zenean, Alarde tradizionalean desfilatzen hasi zen. Urteen poderioz, nire ideiak garatzen hasi nintzenean, konturatu nintzen ez zela berezkoa nire aita, irundarra ez izanik, eta jaiak bereak izango ez balira sentituz, Alardean ateratzea, eta ni, irundarra izanik eta Alardea maitatuz, kanpoan geratu beharra”.

Bere aita gizona da, eta Carla emakumea. Berdin du Alardea gustuko edo maite izatea, irundarra edo kanpotarra izatea, Carla emakumea baita. Ezin zuen bere aitaren ondoan atera, eta beraz, Alarde Parekidera pausua eman zuen bere familiako lehen emakumea izan zen. Gaztetasunak eta nerabezaroak eragiten duten aldarrikatzeko grinak bultzatu zuten Pavesi desfilatzera. “Irundarra izanda, Irungo jaiak bizitzea oinarrizkoa iruditzen zait. Ez zitzaidan buruan sartzen nola zen posible ni kanpoan geratzea, parte hartu nahi banuen”. Harentzat, haren herrian parekidetasuna nahi izatea ulertzeko gauza sinplea da, baina era berean, pisutsua eta neketsua izaten ari da horra iristeko bidea. 

Olaberria konpainian desfilatzen du Paul Estonbak. Alardea maite duela dio, eta txikitatik bere familiak transmititutako sentimendua barneraino duela. 1996an oraindik ez zen jaio, baina bere gurasoak, izeba-osabak eta aiton-amonak bertan zeuden, emakumeen parte hartzearen aldeko borrokan. “Urteko egun garrantzitsuenetarikoa eta zoriontsuenetarikoa da San Martzial Eguna niretzat. Txikitatik izan dut Alardearekiko zirrara, eta modu askotan bizi izan dut. Espaloian, entseguetan… Jose Luis Errazkinek erakutsi zidan erredoblea jotzen, eta harrezkeroztik horrela atera naiz”. Aurten urte berezia du, bere arreba kantinera izango delako, eta bere alboan ateratzeko aukera izango duelako.

Ekainaren 30a egun polita da Estonbatarrentzat, baina Paulek argi du itzalez beteriko bidea izan dela 1996an irekitakoa. “Lagun asko galdu dituzte nire senideek haien erabakiarengatik. Beste alde batera begiratu dutenak, bizkarra eman dietenak, eta ez soilik Alardean… Guri ere, seme-alabei, ikastolan bertan, ekaina hurbiltzen zenean, denetarik egiten ziguten. Baina halere, ez digute inoiz Alardea zapuztu. Naturaltasun osoarekin irteten gara ekainaren 30ean kalera, gure jaiaz disfrutatzera, eta noski, ederki pasatzera”. Bere arrebarik gabeko, lehengusu emakumerik gabeko, edota lagunik gabeko Alardea ez du irudikatzen Estonbak, hark horrela bizi eta maite duelako bere herriko ondarea.

Bi alde, jai bat, bi borroka 

Alardea jaia da, Alardea tradizioa da, eta azken hamarkadetan, Alardea borroka ere bada. “Gure herriko ondarea da. Musikak, uniformidadeak, bertan ditugun erritualak… dena bateratuz, zerbait berezia sortzen da. Ondo pasatzeko eguna da, noski, baina nire kasuan behintzat, beti ezagutu dut aldarrikapen edo borroka kutsu horrekin”, azaldu du Estonbak. Beraz, jaia, ala, borroka al da Alardea? Askoren ustez, eskutik batera joan ezin diren kontzeptuak dira, baina eskubide baten alde desfilatzen dute Alarde Parekideko kideek, haien jaiaz disfrutatuz, bai, baina xede berdin baten bila.

 

30 urte pasa dira, baina oraindik badira Alarde Parekideari bizkarra ematen diotenak. Galdera berberari erantzunda [Borroka ala jaia?], Pavesik dio gaur egun, agian, jaia baino, borroka bezala sentitzen duela: “Denetarik jaso dugu. Hitzezko erasoak, fisikoak… Esaten digute gurea ez dela Alardea, ez dela Irungo jaiaren parte. Borroka puntu hori hor dago, noski, baina gu ongi pasatzera ateratzen gara, gure herria eta ondarea sentitzera. Nire inguruko emakumeak eta ni Alarde publiko bakarrean atera arte, borroka kutsua hor egongo da”. Martiarenak festarako eguna dela sentitzen du, baina bada nabarmentzen duen hitz bat: pena. Egoerak eragindako sentimendu garratza du Martiarenak, eta segur aski Irungo bizilagun askok. “Jende askori, Alarde tradizionalean desfilatu arren, ez zaie axola haien ondoan emakume bat irtetea, baina halere, oso zaila da askok pausua ematea, haiek dioten bezala, oso ongi daude eta dauden lekuan”.

Pausu hori errazteko, Martiarenaren ustez, funtsezkoa da Irungo Udalak bere erantzukizun politiko eta soziala hartzea. “Gure HAPOak, gure ekitaldi kulturalak, gure herri politika eta gure jaiak antolatzen ditu udalak. Beraz, zergatik ez Alardea? 60.000 pertsona baino gehiago bizi gara hiri honetan, eta argi dago gatazka bat bizi dugula. Udalak ezin du beste alde batera begiratu, ekin behar du. Gaizki kudeatzen ari den gatazka da hau, eta horrek ondorio latzak ditu hirian”. Landetxa konpainiako kideak argi du laguntza behar denean, eskatu egin behar dela, “zilegi baita”, eta hori bera egin beharko lukeela Irungo Udalak. “Munduan baditugu gatazka ikaragarriak, oso garrantzitsuak eta krudelak, eta modu batean edo bestean jorratzen dira instituzioetatik. Zergatik hemen ez? Ez dut sinisten ez direla kapazak festa egun bat kudeatzeko”. 

Instituzioek gizartean eragin dezakete, eta Pavesik ideia hori Alardearen aferara eramanez, uste du kasu honetan udaletxeak erabaki bat hartuko balu, errazagoa litzatekeela herritarren usteak eta asmoak aldatzea. “Garai berrietara moldatu behar gara, eta nire ustez, Alarde publikoko kideek jakin dugu gizartera egokitzen, eta harekin batera aurrera egiten. Baina bidea luzatzeko instituzioen beharra dugu, gure jaia denona izan dadin”.

“Tradizioak ez dira betierekoak”

Tradizioa eta berdintasuna, askoren ustez, bata bestetik oso urrun dauden hitzak. Bai Irunen eta baita Hondarribian ere maiz errepikatzen diren kontzeptuak. Estonbaren ustez, tradizioak ez dira betierekoak. “Argi dago tradizio batek biziraun badu aldatzen joan delako dela, egokitu egin delako. Alardea ere bere funtsean asko aldatu da azken mendeetan. Boto xume bat zena, XX. mendean asko aldatu zen, folklorizatu egin zen, eta esango nuke, irundarrak oso pozik gaudela egun dugun ereduarekin. Guk erabakitzen dugu zer den tradizioa, gizarteak berak, pertsonek. Beraz, aldaketa bat balego, guk erabakiko dugu, eta ez balego ere, gure erabakia izango da”. Berdintasunak badu lekua tradizioan eta Irungo ondarean, hiru protagonisten ustez.

Herriaren nahia. Dozenaka aldiz irakur dezake edozein pertsonak kontzeptu hori sare sozialetan. Alarde tradizionaleko kideek haien nahia herriaren nahia dela diote, argudiatuz, pertsona gehiagok babesten dutela Alarde tradizionala Irunen eta Hondarribian. “Batzuek eduki dute urte askotan irundar karnetak banatzeko bizioa. Irundarrak hemen denak gara, herria asko sentitzen dugunok, irundar berriak direnak, festak gutxiago bizitzen dituztenak… Jaiak eta herria bizitzeko eta ulertzeko modu asko daude. Herriaren ordezkariak izango balira bezala hitz egiten dute, eta ez dira konturatzen nola geroz eta gehiago garen, eta nahiz eta prentsa oharretan haien zenbakiak puztu, gauzak aldatzen ari dira”.

Momentu latzak bizi izan arren, eta askotan atsekabeak borroka irabazi arren, momentu onekin geratu dira hiruak. Agian, askorentzat, irtenbide erraza izan daiteke Alardea jaietako ekuaziotik kentzea, baina horren aurrean Pavesik iritzi argia du: “Ez zait inoiz burutik pasa ere Alarderik gabeko festa bat”. Estonbak iritzi berbera partekatzen du. “2020an eta 2021ean ez genuen Alarderik izan, eta ikusi zen zer nolako festa tristeak izan genituen”. 

Nora doaz egindako pausuak?

Arazo eta gatazka guztiek eskatzen dute soluzio bat, baina Bidasoko bi herrietan, askok oso urruti ikusten dute irtenbidea. “Nik ez dakit zein den soluzioa, eta argi dago ez dela erraza, bestela ez ginateke hemen egongo 30. urteurrenaren aitzakiarekin. Halere, baikorra naiz, eta uste dut Alarde bakarra, parekidea eta publikoa, iritsiko dela”, esan du Estonbak. Jendearen pentsaera aldatzea da bideko lehen urratsa Olaberriako kidearen ustez, eta adierazi du horretan dabilela Irungo gizartea, gutxinaka. “Bide onetik ari gara, ikusten da Alarde Parekidea geroz eta handiagoa dela, eta horrek zerbait esan nahiko du”. Gatazkak aipatzen direnean, baina, instituzioek badute zer esan, eta Pavesik eta Estonbak bat egiten dute esatean irundarren aldaketak sustatu behar duela gatazkaren amaiera, baina beti ere udalaren erantzukizun politikoarekin batera.

Irtenbideaz hitz egitean, maitasuna hitza aipatu du Martiarenak. Maitasunak mugitzen du mundua, edo hala diote behintzat, eta Landetxako kideak uste du Irun, eta zehazki Alardea, ez dela esaldi horren salbuespen bat. “Denok ikusi dugu Alarde Parekidearen kontra zen aitaren bat azkenean bere alabaren nahiarengatik bertan desfilatzen. Maitasunetik, goxotasunetik eta beharretatik eraikitako elkarrizketek uste dut jendearen barrenak mugitzen dituztela, eta pertsonak berak aldatzen dituztela”, esan du Martiarenak. “Asko gustatuko litzaidake nire senide guztiekin batera joatea botoa ematera, San Martzialera, lehenagotik denak Alarde berean parte hartu ondoren”.

Eskerrak ematen bukatu dute hiru lagunek elkarrizketa. Eskerrak duela 30 urte ausardia izan zuten emakumeei eta gizonei, eskerrak gaur egun Alarde Parekidea antolatzen duten pertsonei, eta noski, eskerrak haien bidelagunei ere bai.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

Zerbitzu Gida

 

 

Agenda

Eguraldia

Iturria:tiempo.com

Azken 7 egunetako irakurrienak

 

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

  • 943 34 03 30
  • oarsobidasoa@hitza.eus
  • Irun kalea, 8, Errenteria-Orereta 20100
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
Babesleak:
Hasi saioa HITZAkide gisa

Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.

HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA

Zure kontua ongi sortu da.

Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.

Sartutako datuak ez dira zuzenak.
Zure kontua berretsi gabe dago.
 
 
 
(Pasahitza ahaztu duzu?)
 
 
SARTU
 
Pasahitz berria ezarri da eta zure helbide elektronikora bidali da.
Sartutako datuak ez dira zuzenak.
 
(Identifikatu)
 
 
 
 
BIDALI
 

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea

HITZAkide izan nahi dut
Aldatu zure pasahitza
Pasa hitza ondo aldatu da.
 
 
 
 
 
 
 
Aldatu
 
Oraindik ez zara HITZAkide?

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.

HITZAkide izan nahi dut

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.