Henry Mendezen kontzertua ez egitea nahi du Podemosek
Alderdi moreak kontzertua bertan behera uzteko eskatu dio Cristina Laborda alkateari eta Nuria Alzaga Kultura zinegotziari "Rafa Mir futbolariari publikoki babesa" emateagatik eta kontzertu batean "ezkertiarrekiko gorrotoa" adierazteagatik.
Henry Mendez.Matías CHIOFALO | EUROPA PRESS Thania Pazos Irungo Podemoseko bozeramaile eta udal zinegotziak Henry Mendez artistaren biharko kontzertua bertan behera uzteko eskatu die Cristina Laborda alkateari eta Nuria Alzaga Kultura zinegotziari.
Eskabidea erregistro ofizial baten bidez aurkeztu du alderdi moreak, eta haren arrazoia da artista dominikarrak “Rafa Mir futbolariari publikoki adierazi dion babesa”. Mirri zortzi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri berri diote sexu eraso delitu batengatik. Horrez gain, Podemosek gogorarazi du iaz emandako kontzertu batean “ezkertiarrekiko gorrotoa” adierazi zuela Mendezek agertokitik.
“Irungo agertokiek ez dute jarrera matxistak eta faxistak dituen pertsona bat hartu behar. Ez diegu halako diskurtsoei bozgorailurik eman behar”, adierazi du Pazosek. Bide horretan, Irungo Udal Gobernuari kontzertua bertan behera uzteko eskatu dio Podemoseko udal bozeramaileak.
Podemos Irunek jakinarazi du gaur San Juan plazan egingo den elkarretaratzean izango dela, kontzertuaren aurkako protesta gisa.
Ildo horretan, Pazosek Labordari eta Alzagari eskatu die Elda (Alacant, Herrialde Katalanak) bezalako udalerrien eredua jarrai dezatela. Eldan alderdi sozialista dago gobernuan, eta Podemosek adierazi du “gorroto diskurtsoengatik” utzi zutela bertan behera Mendezen emanaldia. Vallecasen (Madril) ere PSOEk bere kontzertu bat bertan behera uzteko eskatu zuela baietsi du alderdi moreak.

