Ikasturte amaierako jaia eta txapelketak Bidasoa Atletiko taldearentzat
Euskadiko Txapelketa absolutuan ordezkari gehien duen taldea izango da aurten; igandean, Irungo 5K lasterketa antolatuko dute.
Azken asteburuak lehiaz beterikoak izaten ari dira Bidasoa Atletikoko atletentzat. Bihar, hilak 6, ikasturte amaierako jaia antolatuko dute, hilabete hauetan guztietan egindako lanari ginga jartzeko. Lehendabiziko festa izango da, eta bertan, atletismoko proba ugari egiteko aukera izateaz gain, Sargia tabernaren eskutik antolatutako bazkaria egingo dute Plaiaundin.
Halaber, lehiaketak ez du etenik. Asteburu honetan, Euskadiko 800 atleta inguru bilduko dira Durangon, Euskadiko Txapelketa Absolutuan lehiatzeko. Atleta guztietatik 99 Super Amara BAT taldekoak izango dira. Talde bidasoarra ordezkari gehien edukiko duen taldea izango da; zehazki, 51 emakume eta 48 gizon.
Durangokoaz gain, bidasoarren harrobiko Nora Gonzalez, Adur Errazquin eta Imad Zuhaitz Urrutia La Nucian (Alakant, Herrialde Katalanak) izango dira, 16 urtez azpikoetan Espainiako txapeldun izateko lehian. Nora Gonzalez 300 metrotan ariko da, Adur Errazquin 1500m oztopoetan, eta Imad Zuhaitz Urrutia luzera eta jauzi hirukoitzean.
Bestalde, Irunen mugimendu handiko goiza izango da igandekoa. 10:00etan hasita, 5K lasterketa egingo dute, eta goizean zehar, maila guztietarako martxa eta bestelako jarduera antolatuko dituzte. Guztira, 500-600 inguru pertsonak parte hartzea espero dute antolatzaileek.

