Irungo 5K lasterketaren hamargarren edizioa aurkeztu dute
Aurtengo edizioa ekainaren 7an izango da, eta goizean zehar adin guztietarako jarduerak antolatuko dituzte Kolon pasealekuan.
Irun kirolaren hiria dela erakutsi dute berriro ere. Hamargarren urtez Irun Salto Systems 5K lasterketa egingo dute ekainaren 7an Kolon pasealekutik barrena. Zabaltza plazan hasi eta bukatuko den 5 kilometroko zirkuitu homologatua egin beharko dute lasterkariek. 10:00etan, herri lasterketari hasiera emango diote, eta korrikalariek Kolon pasealekuari hiru buelta eman beharko diote 5.000 metroak egiteko; estazioaren zubitik San Juan plazaraino, hain zuzen. 10:45ean, berriz, 20 minututik beherako marka lortu nahi dutenen txanda izango da, zirkuitu bera izango da.
“Lehenengo edizioa antolatu genuenean ez genuen espero hamar urteotan izan duen bilakaera izatea. Egun, Bidasoa eskualdeko lasterketa jendetsuenetarikoa da”, adierazi du Ibon Muñozek, Bidasoa Atletikoko kudeatzaile eta zuzendariak. Oraindik ere, goizean zehar antolatuko dituzten lasterketetan parte hartzeko izen ematea zabalik dute, Kirolprobak webgunearen bitartez. Inskripzioari buruz galdetuta, Muñozek adierazi du aurreko urteetako atleta kopurua berdintsua izango dutela aurten. “Dagoeneko 200 lasterkarien langa gainditu dugu, eta espero dugu 400 eta 500 atleta biltzea”. Hala ere gogoratu nahi izan du jakitun dela lasterketa honen izen ematea azken egunetan asko handitzen dela, “5 kilometroko lasterketan izena emateko ez dute maratoi erdian izena emateko duten presa izateen”.
5 kilometroko lasterketak goizeko hitzordurik jendetsuena den arren, adin guztietarako jarduerak antolatuko dituzte 12:30ak bitarte. Egunari hasiera emateko 9:30ean Irungo eta Hondarribiko ttipi ttapa taldeek euren ibilbidea egingo dute. Amaieran mokadutxoa izango dute Zabaltzan. 5 kilometroko lasterketak amaitzean, ibilbide laburtuan, milla bateko ibilbidean proba ugari egingo dituzte. 11:10ean, handbike eta gurpildun aulkien txanda izango da eta 1.609,34 metroko ibilbidea egingo dute. Hamar minutu beranduago, 11:20ean, adimen urriko pertsonek ibilbide horren erdia egingo dute. Haiekin batera, Super Amara BATeko korrikalari gazteen laguntza izango dute, “haurrak oso pozik daude bertan parte hartzeko aukera izateagatik”.
11:30ean, herri millan, 5 kilometroko lasterketan bezala, jende andana espero dute antolatzaileek. “14 urtetik gorako pertsonek parte har dezakete bertan, eta txikientzat ere bestelako lasterketa laburragoak antolatuko ditugu. Horrela, denok parte hartzeko aukera izango dute”, gehitu du. Aurtengo berritasun gisa, eskualdeko ikastetxetako haurren parte hartzeak gora egin dezan, parte hartzaile gehien aurkezten duen ikastetxeari sari bat emango diotela azaldu dute aurkezpenean.
Minbiziaren Aurkako Milla
Goizari amaiera emateko, Minbiziaren Aurkako Elkarteak milla soidarioa antolatuko du minbiziari ikusgaitasuna emateko. Izena ematen dutenen diru kopurua elkartearentzat izango da. Gainera, diru gehiago dohaintzan emateko aukera izango dute herritarrek. Baita, hiru euroren truke dortsal solidarioa erostekoa ere.
“Eskerrak eman dizkiegu Bidasoa Atletikoko antolatzaileei aurten ere gurekin bat egiteagatik”, azaldu du Gemma Landetxek, Minbiziaren Aurkako Elkarteko Bidasoa eskualdeko presidenteak. “Lasterketa bat baino gehiago da”. Probak lehiakorrak izateaz gain, ongi pasatzeko intentzioarekin doaz korrikalariak argitu du, “ekitaldi inklusiboa” da. Horregatik guztiagatik, herritar guztiei parte hartzeko dei egin die Muñozek.

