Euskaraz eta tokikoa, baina zertarako?
Astekariaren 1.000. zenbakiaren harira mahai-ingurua antolatu du hedabideak Lezoko Gezalan gaurko (ostirala). Tokiko euskarazko hedabideek zertan dabiltzan azalduko dute.
Lezoko Gezala Auditoriumean izango da mahai-ingurua. Nor dago beste aldean? Zalantza hori izaten dute hedabideek maiz. Jakina da, OARSO BIDASOKO HITZA-ren kasuan behintzat, harpidedunen zerrenda zehatz bat duela, egunero-egunero Interneteko jarraitzaile kopuru handi bat duela, baita sare sozialetan ere. Baina nola izan gaitezke gehiago? Eta are: zein funtzio betetzen dute egun tokiko euskarazko hedabideek? Galdera horiei balizko erantzuna emateko mahai-ingurua antolatu du gaurko (hilak 15, ostirala) OARSO BIDASOKO HITZA-k, 18:00etan, Lezoko Gezala Auditoriumean. Ekitaldi irekia da, doan, eta edonor joan daiteke hara.
Oarsoaldeko eta Bidasoko euskarazko tokiko hedabideetako ordezkariak saiatuko dira galdera horiek erantzuten. Gezalan izango dira Antxeta Irratiko Aitziber Zapirain Etxaniz, Oiartzun Irratiko Alazne Etxeberria Oiartzabal, eta HITZA-ko Urko Etxebeste Petrirena. Solasaldia gidatzen etxeko bat, Urtzi Urkizu Adrian kazetari eta idazle lezoarra.
Ekitaldia galdera batzuk erantzuteko unea baino askoz gehiago izango da. Izan ere, 1.000. zenbakiaren aitzakiarekin HITZA-ren komunitatea batzeko eta elkar ezagutzeko aukera bezala ikusi du hedabideak Lezoko hitzordua. Hala, ordubete ingurukoa izango den mintzaldiaren ondotik, mokadutxoa eta tragoska hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, lasai eta goxo. Komunitatean. Euskarazko hedabideei bultzada eman ondotik, barrenak gozatzeko aukera ederra.

