Errepikaezina da zenbaki bakoitza
HITZAren astekarian lantzen den eduki bakoitza bakarra da. Ez du inork, inoiz, halakorik egingo. Lantalde oso baten ahalegina dago horren guztiaren atzean.
Elkarrizketak, erreportajeak, albisteak, kronikak, ikus-entzunezkoak… Faktoria txiki bat da OARSO BIDASOKO HITZA. Euskarazko edukien fabrika, tokiko informazio, ahots eta iritziekin. Horrek denak lan antolatu eta landua du, ordea. Irizpide eta balio zehatzetan oinarritutako ekinbidea, betiere herrietako errealitatea jaso, eta herritarren artean zabaltzeko helburuarekin. Gero, bakoitzak jasotako hori erabil dezala nahi edo behar duen bezala.
Esku artean duzun astekaria bezalako beste 999 ditu eginak OARSO BIDASOKO-k. Aldizkari bakoitza bakarra da. Izan daiteke aurpegiak edo gaiak errepikatzea, baina eduki aldetik zenbaki bakoitza errepikaezina da. Hori horrela izan dadin antolaketa eredu bati jarraiki lanean den profesional talde bat dago. Astekariari eta eguneroko Interneteko emariari eustea eta zabaltzea da lantalde horren zeregina. Misioa ahaztu gabe: ahalik eta jende gehien euskarazko tokiko informazioa irakurtzen edo ikus-entzuten jartzea.
Astekariari dagokionez, beti gai nagusi bat izaten du. Zer egin lantaldeak erabakitzen du; batzuetan egunerokoari hertsiki lotutako gaiak lantzen dira; beste batzuetan, ordea, interesgarriak izan arren azkartasunik behar ez dutenak jorratzen dira, izan erreportaje, edo elkarrizketa bidez. Gai nagusi horietako bakoitzak bere bideo propioa izaten du. Gainera, astekari bakoitzean Oarsoaldeko lau herriek eta Irunek nahiz Hondarribiak orrialde propioak dituzte, HITZA-rentzat inportantea baita gai handiak lantzea, baita herrietako txikiagoak jasotzea ere. Kolaboratzaileen iritziak, ilustrazioak, argazkiak, denbora-pasak, agenda, zozketak… 28 orrialde bete-bete doaz astero; zenbaki bereziak ere egiten dira, orrialde kopuru horretatik harago doazenak.
Behin edukiak lantzeko kontaktuak egin, herritarren hitzak jaso, eta horiek astekariaren maketetara eramanda, diseinu arduradunak den-dena txukundu, orrialde horien zuzenketa egin, eta inprentara bidaltzen da astekaria. Ostiraletan jasotzen dute harpidedunek aldizkaria; inprentara, ordea, asteazken arratsaldetan bidaltzen da. Oñatiko Gertu inprimategian egiten da aldizkaria euskarri digitaletik eskukora eramateko magia. Ostiral goizetan, goizean goiz, banatzaileek harpidedunen postontzietan uzten dute aldizkaria.
Urteko, 47 astekari egiten ditu OARSO BIDASOKO HITZA-k. Beraz, eguzkiari bira eman bitartean euskarazko tokiko edukiekin 1.316 orrialde publikatzen ditu gutxienez hedabideak. Horiek egiteko, hainbat laguneko lantaldea du kazetari, diseinu arduradun, ikus-entzunezkoen sortzaile, komertzial, kudeatzaile eta sustapen langileak osatua. CIES neurketen arabera, 16.000 irakurle ditu astean zehar aldizkariak.
Interneten, egunkaria
Osagarri oso indartsuak ditu OARSO BIDASOKO HITZA-ren astekariak. Interneteko webguneak. Bi ditu: Irungo eta Hondarribiko informazioa ematen duen bidasoa.hitza.eus; eta Oarsoaldeko lau herrien txoko den oarsoaldea.hitza.eus. Aldizkaria osatzen, eta aldi berean webgune horietako atal guztiak elikatzen izaten dira kazetariak egunero-egunero. Egunkari antzekoak dira webgune horiek, unean uneko informazioa ematen dute albisteekin, eta horien barruan izaten diren argazki galeria eta bideoekin. Izan ere, webguneetan hasiera batean testu ziren horiek, egun, osagarriz beteta daude, albistea gertatu eta HITZA-k jaso dituen horiek ahalik eta erakargarrien izan daitezen.
Egiten duenaren eragina aztertzeko datuak biltzen dira. Horien arabera, 2025. urtean, ia 400.000 bisitari izan zituzten Bidasoko eta Oarsoaldeko atariek. Bisita horien batez besteko denbora tartea ere badakigu zein den: hiru minutu ingurukoa. Bisita horien %73,5 sakelako telefonoetatik iristen da, gainontzekoa ordenadoreetatik; 2024an, adibidez, gailu mugikorretatik jasotako bisiten zenbatekoa %57koa izan zen, eta ordenadoreetatik iritsi zirenena %43koa.
Interneten egiten diren albisteetatik gehienak sare sozialetan zabaltzen ditu hedabideak. Facebook, X, Instagram eta Youtube plataformen sareak baliatzen ditu HITZA-k eduki horiek are gehiago zabaldu, eta herritar gehiagoraino iristeko.
Sare sozial horietan guztietan 30.000 jarraitzaile ditugu. Gainera, Telegram eta WhatsApp kanalak ere baditugu, eta horietan egunero-egunero zabaltzen dira eguneko eduki interesgarrienak, baita posta elektronikoz (astero) ere.

