Irungo Udalak azalpenak eman beharko ditu batzar nagusietan Elkarrekin Podemosek eskatuta
Irungo Udaleko Berdintasun zinegotzi Maite Cortinak eman beharko ditu azalpenak, Berdintasun Planean egindako aldaketengatik.
Irungo Berdintasun zinegotziak azalapenak eman beharko ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Elkarrekin Podemosek eskatu ditu azalpen horiek Irungo Bosgarren Berdintasun Planaren auziarekin lotuta. Plana aldebakarrez aldatu izana egotzi diote Irungo Udalari hiriko hainbat eragilek. Pasa den astean, hiriko hamazazpi eragilek salatu zuten, lana onartu ostean, dokumentua aldatu egin zela, alkatetzak proposatuta, eta Emakundera igorri zela oniritzia emateko xedez. Joan den astean, hilaren 11n zehazki, Berdintasun Plan aldatu hori eraman zuen alkatetzak Berdintasun Mahaira onartua izan zedin, eta handik udalbatzaren onarpenerako plenora joan zedin; eragileek ez dute alkatetzak bere kabuz eta eragileekin kontrasterik gabe aldatutako plan hori onartu nahi; hala esan dute eta 2022ko urriaren 27an eragile, elkarte, EAJ, EH Bildu eta Podemosek adostutako hura aldarrikatu eta babestu dute.
Aurreko astean egindako salaketaren ostean, beste urrats bat egin dute 21 eragilek. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeari Irungo Udalaren jarduketaren gainean iritzia eman dezan eskatu diote tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa urra dezakeelakoan, PSE-EE eta EAJk osatutako gobernu taldearen jokabide horrek. Txostena prestatzeko eskatu diote Emakumeen Arartekoari, ondoren hori Arartekoari helarazteko.
Elkarrekin Podemosek eskatuta, Maite Cortina Berdintasun zinegotziak eman beharko ditu azalpenak batzar nagusietan, “herritarren salaketek sortu dituzten zalantzak argitzeko egin dugu agerraldi eskaera”. Irungo PSE-EE eta EAJren Gobernu Taldeak errespetu instituzionala zor diola Emakunderi adierazi du Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Miren Etxebestek, “horren ordez, erabaki ahalmen handiagoa ematen ari zaie berdintasun arloan emakumeak diskriminatzen dituzten alardearen antolatzaileei, indarkeria matxistaren aurkako lanean ari diren teknikari, elkarte eta norbanakoei baino”. Ahoan bilorik gabe esan du Etxebestek, eta gogor salatu: “Irungo Berdintasun Plana ezin dute erabaki jaietan diskriminazioa praktikatzen dutenek”.

