Eragileekin landutako Berdintasun Planari eustea eskatu diote alkateari
2022ko urrian adostu zuten hiriko eragileek, alderdi politiko gehienek eta udaleko langile eta teknikariek V. Berdintasun Plana. Alkatetzak, ordea, bere kabuz aldaketak egin zizkion Emakundera igorri aurretik.
2022an zehar Irungo eragileek eta udaleko teknikari nahiz langileek 2023-2027 epealdirako Irungo Udalaren V. Berdintasun Plana garatu zuten, eta Berdintasun Mahaiak onartu zuen 2022ko urriaren 27an EAJko, EH Bilduko, Podemoseko eta bertan izan ziren elkarte eta eragileen babesarekin. “Onarpen horren ondoren, dokumentua aldatu egin zen, alkatetzak proposatuta, eta Emakundera igorri zen oniritzia emateko xedez”. Ondoko adierazpenak hiriko 17 eragilek sinatutako gutunean daude, Cristina Laborda alkateari bidalitakoa. Izan ere, atzo (hilak 11, astelehena) Berdintasun Plan aldatu hori eraman du alkatetzak Berdintasun Mahaira onartua izan dadin eta handik udalbatzaren onarpenerako plenora joan dadin; eragileek ez dute alkatetzak bere kabuz eta eragileekin kontrasterik gabe aldatutako plan hori onartu nahi; bai ordea 2022ko urriaren 27ko kontsentsuatu hura.
Edonola ere, Emakundek, udalak bidalitako plan aldatu horri aldaketak egiten eskatu zuen. “Emakundek nabarmendu zuen beharrezkoa dela haren funtsezko alderdi batzuk indartzea”, esan dute eragileek, “hain zuzen ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plana baita”.
Emakundek bidalitako zuzentze proposamen horiekin ados dira alkateari gutuna bidali dioten hamazazpi eragileak. Haien hitzetan, honakoak dira udalak igorritako plan horretan osatu beharreko atalak: “Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko zerbitzu psikosozialak indartzea, beste baliabide batzuen artean; V. Planaren dokumentuan, ezinbestekoa da berdintasunezko Alardeak hirian planteatzen dituen erronkei eman nahi dizkien erantzunak zehaztea Irungo Udalaren aldetik; Emakundek, halaber, azpimarratu zuen Berdintasun Planak ezin duela alde batera utzi tokiko jaietako berdintasuna ere badela emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra”.
Beraz, V. Berdintasun Plana onartzera eramango den udalbatzarrera, 2022ko urriaren 27an adostu zen hura eramatea nahi dute hiriko eragileek, hala jakinarazi diote gutun bidez Cristina Laborda alkateari. Gainera, horrekin batera Emakundek bidalitako aldaketa txosten osoa ere erantsi dadila nahi dute, “eta ez alde bakar batek aldatu zuen testua, herritarren eta Berdintasun Mahairen partaidetzarik gabe, zehazki 2022ko abenduaren 12an egindako bozeramaileen batzorde batean helburu bakarrarekin onartu zena: jaien eremuena berdintasuna bermatzeko udalak berez duen erantzukizuna saihestea”.
Honakoak dira alkateari gutuna bidali dioten hamazazpi eragileak: Irungo Emakumeen Etxea, Txingudiko Elkarte Feminista, Bidasoa Aldeko Elkarte Feminista, Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkartea, Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikazaleen Elkartea, Linak Haize LGTBIAQ+ Elkartea, Parean Elkartea, Emakumeak eta Zinea Kultur Elkartea; Norberaren Gela Kultur Elkartea, Alardezaleak, Gur Altxor Jubilatuen Elkartea, Asanblada Feminista Bidasoa M8, Argoiak Elkartea, Bizirun Elkartea, Arrats Elkartea, Patxan Elkartea, Sustraitik Gozamenera Elkartea.
Sinatzaile horiek adierazi dute dokumentua irekia dela, eragile gehiagok bat egin dezaketela harekin. Horretarako posta elektroniko mezua bidali behar dute.

