Irungo EAJ "pozik" agertu da Osasun Sailaren kudeaketarekin
Irunen egitekoa den Bidasoko lehen mailako arreta zentroaren erabakia egokia da jeltzaleen ustez, baina badira ere horren kritika egin dutenak.
Bidasoa ospitalea Aste honetan Osakidetzak Bidasoako lehen mailako arretarako atentzio zentroari hasiera eman dio, obra proiektua kontratatuz. Berri horren aurrean, Irungo EAJ “pozik” agertu da. “Imanol Pradales Lehendakariaren Gobernuak eta Alberto Martinez sailburuak Irunen eta Hondarribian asistentzia kalitatearekin eta zerbitzuen modernizazioarekin hartutako konpromisoa irmoa da; hala erakutsi dute azken hilabeteotan hartutako neurriekin eta, batez ere, gauzatutakoekin”, adierazi dute jeltzaleek ohar bidez.
Irungo EAJ udal taldeko bozeramaile Gorka Alvarez “pozik eta itxaropentsu” agertu da: “Ikusten ari gara Bidasoa 2025-2035 ESIaren plan zuzentzailea gauzatzen ari dela, eta horrek inbertsio ekonomikoa ekarriko du. Osasun-zerbitzuan eragin zuzena duten zailtasunak konpontzen ari dira”. Bestalde, bozeramaileak irundarrei “pazientzia” eskatu die berriro, eta iragarri du antzemandako gabeziak betetzeko eta zerbitzua hobetzeko neurriak hartzen ari direla.
Jeltzaleek adierazi dute 2024ko martxoan haiek Elizatxo etorbideko udal lokalen lagapena eskatu zutela, lehen mailako arretarako atentzio zentroa garatzeko, eta eskaeraren aurrean udaleko beste alderdi guztiek ezezkoa eman zutela. Orain, Osasun Sailak eskatu du lagapena, eta EAJk dioenez, udaletxeak eskaera onartu egingo du.
Dena ez da poztasuna
Txanponaren beste aldean, Osasun Bidasoa Plataformak gaur adierazi du Osakidetzak atzean utzi dituela Bidasoako biztanleen osasun beharrak, eta Bidasoako Ospitaleko kudeaketa kritikatu du. Lehen mailako arreta zentroarekiko, obrak “atzeratu” egin direla azaldu du plataformak, eta ondoen jota 2026 amaieran izango dela erabilgarria.

