Nicolas Guerendiain elkartea, 20 urte errepublikazaletasunari ufada ematen
Eerakusketa, hitzaldia eta Pikoketan fusilatu zituztenei omenaldia prestatu ditu elkarteak datozen egunetarako.
1936ko abuztuan fusilatu zituztenei hilaren 26an egingo diete omenaldia. Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikar Elkarteak 20 urte bete ditu. Horregatik, datozen egunetarako hainbat jarduera antolatu ditu elkarteak errepublikazaletasunari ufada ematen jarraitzeko. Erakusketa, hitzaldia eta Pikoketako urteroko omenaldia dira jarduera horien ardatz.
Hilaren 22tik 29ra jarduera iraunkorra prestatu dute hiriko errepublikaren aldekoek. Palmera Montero gunean, 20 urteko ilusioa, lana eta borroka izenburupeko erakusketa zabalik izanen da, elkarteak bi hamarkadako bidean egindakoen berri emateko irudi eta agiri bidez.
Hilaren 24rako, berriz, Pedro Barrusoen hitzaldia prestatu dute: 20 años después. Los avances y tareas pendientes en la recuperación de la memoria. Memoria historikoa berreskuratzeko bideak izango ditu hizpide Barrusok solasaldian, 2000. urtean hasi, eta 2007ko Memoriaren Legeraino. Gipuzkoan memoria historikoa aintzat hartzeko egin diren adibideen berri emango du, tartean Bidasoko ereduak aipatuz. 19:00etan izango da, Palmera Monteron.
Hilaren 26an, urtero bezala, 1936ko abuztuaren 11n Pikoketan fusilatuak izan zirenei omenaldia egingo die elkarteak, Pikoketan bertan, 12:30ean.

