[Galeria] Hainbat hamarkadaren ondoren aitortza jaso du Anttoni Etxeberriak
Amute-Kosta auzoko jaien baitan inauguratu dute Anttoni Etxeberriaren omenezko plaza; ekitaldi hunkigarria burutu dute auzo elkarteak, Emekik eta Hondarribiko Udalak.
2020. urteko apirilaren 2an zendu zen Anttoni Etxeberria Mendizabal. Aiako (Gipuzkoa) Lokate baserrian jaio zen, eta haurtzaroa baserriko lanei lotuta eman bazuen ere, gaztea zela Donostiara salto egin zuen lehenbizi ostalaritzan lan egitera, eta Hondarribiko Amute auzora ondoren, ezkondu eta lehen lau seme-alabekin.
Hamar seme-alaba eduki zituen denera Etxeberriak. Amute auzoan kokatutako Anttoni taberna gidatu zuen 90 urte izan zituen arte. Sukaldean egon ohi zen, auzokideek gogoratu dutenez, baina hamarkada horietan guztietan ingurukoak laguntzeko prest agertu zen beti, hala nola, emagin lanak egiten, bizilagunen seme-alabei bularra ematen, edota auzokideren bat hiltzean gorpua janzten eta zeremoniarako prestatzen.
Maitatua zen oso Etxeberria bizilagunen artean. Hori dela eta, 2021. urteko jaien baitan haren omenezko Anttoni Etxeberria Mendizabal plaza inauguratu dute gaur eguerdian Amute-Kosta auzo elkarteak, Emekik eta Hondarribiko Udalak. Ekitaldi hunkigarria izan da gaurkoa, Etxeberriak merezitakora ezin irits daitekeena. Haatik, borondate eta fede onez dozenaka lagun biltzea lortu du gaurko hitzorduak.
Ekitaldia
Hondarribiko Udaleko eta Emeki emakumeen zein Amute-Kostako auzo elkarteeko parte hartzea izan du ekitaldiak. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak hartu du hitza lehenbizi Amute-Kosta auzoko jaien baitan egindako ekitaldian. Familia, lagun eta komunitateari egindako ekarpena nabarmendu ditu agintariak, eta kanpotik iritsitako jendearekiko oroitzapenak gorapaituz mintzatu da.
Tamara Sastre Emeki emakumeen elkarteko presidenteak Etxeberriaren bizitzaren esparru guztiak nabarmendu ditu. “Haren egunak amaitu arte pertsona atsegina eta jatorra izan zen, maitakorra eta infinituraino errespetu handikoa”. Etxeberriaren heriotza gogoratu du, “105 urterekin, etxean, bakean, berak hainbeste maite zituenen ondoan”. Areago, bertaratuko pertsonen artean hausnarketa ere eragin du Sastrek: “Ondare izugarria uzten digu, Anttonik sarritan gogoeta hau egiten baitzuen: ‘Bizitzak historia handia du’. Bere familiaren hitzetan: ‘Gure historia bera da'”.
Amute-Kostako auzo elkarteko ordezkari Iñaki de la Fuentek Etxeberriaren irribarrea gogoan izan du, eta Anttoni taberna kokatuta zegoen eraikinaren eraispenaren aurrean, ondokoa adierazi du: “Etxea behingoz botatzen dutenean, Anttoni sukaldetik atera eta plaza honetan egongo da gure artean urte askotarako”.
Azkenik, Etxeberriaren seme-alaben txanda iritsi da. Zortzi seme-alaba bertaratu dira ekitaldian, eta Maria Luisa Lertxundik hitza hartu du. Eskertuta agertu da familiaren izenean aitortzarengatik, eta hainbeste hamarkadaren ondoren, amak, azkenean, jasotako errekonozimenduagatik.
Ondokoa da ekitaldiak utzitako irudi sorta.