COVID-19 gaitzaren aurrean osasun ziurtagiria lortu du aireportuak
Erabiltzaileek konfiantza berreskuratu dezaten abiatutako osasun plan bereziak Aireportuen Nazioarteko Kontseiluaren bermea jaso du.
COVID-19ak eragindako pandemia egoeraren aurrean, osasun ziurtagiria jaso du Hondarribiko aireportuak. Hala ezagutarazi du AENAk ohar baten bidez eta 2020ko apirilean abiatutako plan bereziaren emaitza dela adierazi du. Erabiltzaileen konfiantza berreskuratzea eta aireportuak leku seguru bihurtzea ziren planaren helburuak.
Itxiturak, hidrogela, aireztapena, garbiketa eta desinfekzioa, seinaletika, kontakturik gabeko elementuak eta operazio prozedura berriak dira, besteak beste, Aireportuen Nazioarteko Kontseiluak baloratutako neurri berriak.
Hondarribiko aireportuarekin batera, Iruñeko eta Gasteizko aire azpiegiturek ere jaso dute kontseiluaren bermea.