Udalarekin bildu da Hezkuntza Plazara dinamika
Hurrengo ikasturteari begira aurtengoan hartutako neurri berdinak hartzeko konpromisoa hartu du udalak. Hori bai, irailean hobekuntzarik ez badago, hezkuntza komunitatea mobilizatzera deituko du dinamikak.
Apirila eta maiatza bitartean Irungo Hezkuntza Plazara dinamikak egindako diagnostikoa aurkeztu berri dute udalean. Diagnostiko horretan ateratako ondorio nagusiekin dokumentu bat osatu dute, eta dagoeneko Irungo alkateari, Hezkuntza saileko ordezkariari eta alderdietako ordezkariei aurkeztu diete. Joan den ostiralean bildu ziren dinamikako kideak Santiago Jimenez zinegotziarekin. Ondorio asko atera dituzte bilera horretatik.
Lehenik eta behin, ordezkariak diagnostikoaren dokumentua aztertu dutela eta bertatik ateratako ondorio gehienekin ados agertu zela jakinarazi du dinamikak. Zentzu horretan hurrengo ikasturteari begira aurtengoan hartutako neurri berdinak hartzeko konpromisoa hartu zuen Jimenzek, hala nola garbiketa zerbitzua, HH eta LHko ikastetxeetan karpak jartzea eta espazio publikoen erabilera ahalbidetzea.
Dena den, dinamikako kideek nabarmendu dute pasa den kurtso hasieran hartutako neurriak “berandu” iritsi zirela, eta askotan ez zirela nahikotzat baloratuak izan hezkuntza komunitatearen aldetik. “Espero dugu hori berriz ere ez gertatzea”.
Bestalde, ikastetxe askok oraindik ere instalakuntza eta espazioen aldetik arazoak dituztela jakinarazi zioten ordezkariari, “eta pandemiak arazo horiek areagotu besterik ez dituela egin”. Hortaz, udalari eskatu diote bere eskuetan dagoen guztia egin dezala, edo dagokien administrazioarekin kudeatu ditzala behar horiek.
Familien kontziliazioa hobetzeko neurriez, euskararen erabilera bultzatzeko bideez, ikasleen inklusioa hobetzeko neurriez eta ikastetxeen etorkizuneko berrantolaketaz ere aritu ziren ostiraleko bileran. Arazo eta gai horiei konponbide emateko ardura udalarena dena diote, baina dinamikako kideak prest agertu dira laguntzeko. Irailaren 9an beste bilera bat hitzartu dute udalarekin.
Hori bai. Irailean hobekuntzarik ez badago, hezkuntza komunitatea mobilizatzera deituko du dinamikak. “Guretzat etsigarria litzateke datorren kurtsoa modu berean hastea. Administrazioaren utzikeria, planifikazio ez eta bitartekoen faltak ondorio latzak ekarri zituen pasa den irailean. 2020-21 kurtsoan hezkuntza komunitateko kideek izan dugun lan kargaren areagotzeak eta bizitu ditugun egoera zailak ezin dira errepikatu. Arazo larriak izan ditugu kurtso honetan. Gure lana bikain batekin baloratua izan da, baina guk ez dugu hori nahi, administrazioak berari dagokiona betetzea behar dugu”, erantsi dute.
Horregatik kurtso berriari begira “gauzak hobeto egiteko” aldarrikapena egin dute, “Hezkuntza Sailak bere ardurak bete ditzala”. Eta hori ez bada gertatzen “erantzuna mobilizazioarena” izango dela iragarri dute.