[Elkarrizketa] «Hestebeteez gain beste gauza batzuk daude, eta oso onak»
Etxealdia hastearekin batera zabaldu zuen Elikaeskola proiektua. Ohiko kontsultaz harago «abanikoa irekitzea» du xede, tartean ‘Ogitarteko osasuntsuak’ bezalako tailerrak eskainiz.
Ogitarteko osasungarriak izan zenituen hizpide orain gutxi emandako tailer batean. Zein da gakoa?
Lehenengo jakin behar dugu zer den pertsona bakoitzarentzako osasungarria, zuretzako osasungarria izan daitekeena niretzat agian kaltegarria izan daitekeelako. Nik hemen gehienbat heste arazoak artatzen ditut, eta kasualitatez, gaixotasun mota horretan, segun eta zein zereal hautatzen duzun, kalte egin diezazuke. Ildo horretatik jarraituz, osasuntsua izateko osagai onak izan behar ditu, eta gero, zein zereal sartzen dugun jakin behar dugu aukeratzen. Ez du soilik haragia izan behar, hestebeteez gain beste gauza batzuk daude, eta oso onak. Lor daitezke zapore berberak jatorri begetala duten beste elikagai batzuk erabiliz. Hori da, hain zuzen, falta zaiguna: zuntza eta barazkiak. Gaur egun gehien kontsumitzen duguna animalia jatorriko proteina da.
Zein zereal eta zein osagarri izan daitezke osasungarrienak?
Pertsona osasuntsuak bagara eta heste arazorik ez badugu, beti gomendatuko dugu zereal integralak jatea. Zergatik? Integralak azala du eta barruan amilazeo nukleoa edo almidoia gordetzen du. Almidoiak glukosa asko du, kate bat, harrapatuta. Hori edo amilazeo nukleoa hartzen dugunean bakarrik, ogi zuria eta findua hain zuzen, glukosa odolean asko igotzen da. Gorputzak horri aurre egiteko intsulina pila bat jariatzen du eta hori koipe pilaketekin, kolesterolarekin… lotuta dago. Orduan, osasuntsu baldin bagaude, hestean arazorik ez baldin badugu eta zure nutrizionistak esaten badizu integralak hartzeko, egokiena, beti, integralak hartzea da. Egia da, hain zuzen, nukleoa gordeta duelako ez dela hain gozoa, ezta horren biguna ere, baina gehiago asetzen du.
Bitartean, heste arazoak baldin badaude eta zure medikuak edo norbaitek hala aholkatu badizu, orduan bai, findutakoak gomendatzen dira. Baina kontuan izan behar dugu zereal gehiegi kontsumitzen dugula, eta beharbada, horrexegatik garrantzitsua dela jakitea zer sartzen dugun ogitartekoen barruan, zereal eta txerriki gehiegi jaten dugulako, eta barazki zuntza, aldiz, falta zaigulako.
Zereal gomendagarrienak dira benetako zerealak, hau da: irina eginda beste zerbait egiteko erabiltzen ez dena; alegia, grano osoa.
Ikastetxetik ateratzean umeek jaten dituzten ogitartekoek lehengo ildo beretik jarraitzen dutela uste duzu?
Berdin jarraitzen du nik uste, baina gehitzen zaizkio beste aukera batzuk. Ez da ogitartekoa edo gailetak, ez, ez, baizik eta ogitartekoa eta fruta, ogitartekoa eta tortatxoak, ogitartekoa eta gailetak… Adibidez, sobrasada beganoak txorizo zaporea du eta hamaika aukera ditu. Halakoek oinarri koipetsua dutenez luze irauten dute. Beste ogitarteko osasuntsu bat letxuga eta tortilla izan daiteke adibidez, fruta eta kakahuete krema, edo sardinak. Ogia hezeago egon dadin tomate saltsa pixka bat ere jar daiteke.
Saltsak osasuntsuak izan daitezke?
Testuinguru jakin baten barruan izan daitezke, eta beste batzuetan, ez. Orokorrean zure egunerokotasunean ondo elikatzen baldin bazara, zergatik ez? Nik uste dut ez dagoela elikagai bakar bat kaltegarria denik per se. Egunerokoan barazki eta fruta gutxi, eta zereal zein irina finduak jaten dituen pertsona batek saltsak jaten baditu, egin behar denaren kontrakoa egiten ariko da. Osasuntsua ez den elikadura mota bati saltsa horiek gehitzeak ez dio mesederik egingo. Baina bestelako elikadura osasungarriago batekin saltsak ez dira ez osasungarriak ezta kaltegarriak ere. Eta azken finean, jatea plazerra da. Nik ikusten dut real food istorioa oso ona izan dela gizartearen kontzientzia pizteko, baina burua ere joan zaigula.
Elikadura osasuntsu batekin fast food ogitarteko bat jaterik dago tarteka?
Zure ohiturak onak baldin badira ogitarteko batek ez dizu kalterik egingo, platano bat jateak mesederik egiten ez dizun bezala zure elikadura txarra baldin bada. Batzuetan ez garela logikoak uste dut.
Zer eskaintzen duzue Elikaeskolan?
Zabaldu nuenean nire asmoa zen abanikoa irekitzea. Azken finean heste eta liseriketa arazoak artatzen ditut, baina pisua galdu nahi zuen norbait etortzen bazen, erakusten nion pisua galtzen eta kozinatzen, eta gehiegi zen. Hiru langile eta kolaboratzaile bat gara, eta lantzen ditugu, besteak beste: pisua, heste arazoak, gaixotasun autoimmuneak, haurdunaldiak, jaioberriak, psikologia… Bakoitza gure arloan ibiltzen gara eta aparte tailerrak ematen ditugu, baina tailer horiek errefortzu moduko bat dira pazienteari laguntza emateko. Batzuetan, zerbait fisikoki ukitu arte iruditzen zaigu oso zaila izan daitekeela. Hemen gauza gutxi dira zailak, ni oso oinarrizkoa naiz. Egia da bakoitzak bere baloreak dituela, eta nire balorea da nire denbora niretzat dela. Hortaz, apaingarrietan entretenituz gero, nire denbora galtzen ari naiz. Saiatzen gara denbora labur batean trikimailuak ematen pertsonari egunerokoan sei ordu pasa behar ez izateko sukaldean, denbora motzean gauza ezberdinak prestatu ditzan. Gela birtuala ere dugu eta bertan nahi duguna da kanpokoei aukera bera eman.