Herritarrak, hezkuntza, kirola, kultura eta euskara hizpide gaurkoan
Ia bost milioi euro bideratuko ditu udalak aipatutako sailetara; 2021eko udal aurrekontuen laugarren aurkezpen saioa izan da gaurkoa.
Hondarribiko Udaleko Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes zinegotziak 2021. urteko udal aurrekontuaren laugarren aurkezpen saioa burutu dute gaur goizean udaletxeko areto nagusian. Herritarrak, hezkuntza, kirola, kultura eta euskara izan dituzte hautetsiek hizpide, eta zehaztu dutenez, 4.931.000 euro bideratuko dituzte horiek guztiak sustatzera.
«Pandemiak erakutsi dizkigunen artean, kulturan badugu ikasketa bat», hasi da Sagarzazu, «etxeratze aginduarekin batera dena bertan behera utzi behar izan genuen. Gerora, pixkanaka, kultur adierazpenak berreskuratzeko beharra sentitu genuen denok, eta pausoak ematen joan ginen, herri giroan, bizigiroan, ostalaritza bezain garrantzitsuak baitira kultur jarduerak».
Zentzu horretan, kultura «segurua» dela ziur agertu da Sagarzazu. «Pretentsio gehiegirik gabe, baina kultur eskaintza aberatsa eskaintzen ari garela esan genezake. Ezin izan da kirola bere mailan jarraitzea; zeresanik ez jaiei buruz», erantsi du. Hezkuntzari dagokionez, eskumen zuzenik eduki ez arren, «garbiketa eta desinfekzio lanetan» egindako ahalegina nabarmendu du agintariak.
Silanesek bere aldetik, aurrekontuaren hainbat partidaren berri eman du: «Ikastetxeen mantenurako, 976.000 euro; Zuloaga Etxea udal liburutegirako, 520.000 euro; udal artxiborako, 218.000 euro; ekipamenduak eta kultur jarduerak sustatzeko 1.086.000 euro…».
Bordari-Satarka literatur txapelketen eta txiste grafikoen lehiaketaren inguruan, bestalde, euskara indartzeko gogoeta prozesua irekiko dutela jakinarazi du.
Aurrekontuaren xehetasunak bertan ikus daitezke.