2021eko udal aurrekontuak aurkezten hasi da gobernu taldea
Gaurtik hasita eta datorren ostiralera bitartean bost prentsaurrekoetan emango du udal gobernuak 2021eko aurrekontuen berri.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako, Lankidetza eta Berdintasun zinegotziak «pertsona eta familiei» bideratutako aurrekontuen berri eman dute gaur goizean prentsa aurrean egindako agerraldian.
Lehenik eta behin, aurten aurkezpenen ohiko formatua aldatu dutela nabarmendu du Sagarzazuk. Hortaz, ez da, aurreko ekitaldietan bezala egingo, departamentuka: «COVID-19 pandemiak bultzatuta, udala eta bere eguneroko lana erabat aldatu dira, eta sailen arteko zeharkakotasuna horren sintoma argia da».
Familiak eta pertsonak
2021eko aurrekontuan «hondarribiar guztien ongizate sozialerako» 3.274.300 euro bideratuko ditu udalak, Larrartek azaldu duenez. Aurrekontu osoaren % 13,28 izango da, eta «beharrezkoa» balitz «handituko» luketela erantsi du. Hautetsiaren arabera, aurtengo gizarte politikak «malguak» izateaz gain, «aldaketei erantzuteko prest» egon behar dute.
Hori horrela, aurten Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa landuko du departamentuak, eta «gizarte errealitatearen eta haren eraldaketen azterketa egingo dugu horretarako; baita gure politiken prozesuen eta emaitzen azterketa ere». Horrez gain, udal zerbitzuen karta lantzen ari da udala, batetik, eta Gizarte Zerbitzuetako bulegoak irisgarriagoak izan daitezen ere lanean ari direla aurreratu du zinegotziak, bestetik.
Emandako datuen arabera, ondokoa da diru-sail banaketa:
- Etxez etxeko laguntza zerbitzua: 770.000 euro.
- Gizarte Larrialdi Laguntzak: 481.000 euro.
- Ekintza Plan Komunitarioa: 329.000 euro.
- Kasino Zaharra eta adineko pertsonak: 163.000 euro.
- Lehen mailako gizarte laguntza: 605.000 euro.
- Berdintasuna sustatzeko ekintzak: 82.000 euro.
- Tutoretzapeko apartamentuak: 68.300 euro.
- Gizarte babeserako jarduerak: 700.000 euro.
Informazio guztia kontsultatzeko bertan klik egin.