Ez-festetako elizkizunak eta COVID-19 kasuen aurrean "gardentasun falta" salatu ditu EH Bilduk
Elizak antolatutako ekitaldiak "arduragabekeria" direla iritzi dio koalizio abertzaleak, eta koronabirusagatik kutsatzea ez dela "lotsagarria" gogorarazi dio EAJren udal gobernuari.
Ez-festetan zehar antolatutako ekitaldi erlijiosoen aurrean desadostasuna agertu nahi izan du Hondarribiko EH Bilduk, komunikabideetara igorritako azken oharrean. Areago, EAJren udal gobernuaren “gardentasun falta” herriko establezimenduetako langileen eta arduradunen koronabirus kasu positiboen aurrean ere salatu nahi izan du koalizio abertzaleak bere azken idatzian.
Hala, udal agintariek eta eragile “gehienek” jaiak bertan behera uztea erabaki duten arren, salbuespen argi bat dagoela uste du udal alderdiak: eliza. Urteroko elizkizunei eustea eta ekitaldi jendetsuak antolatu nahi izatea “arduragabekeria” dela salatu dute abertzaleek, osasun publikoarentzat dakarren “arriskua” kontutan hartuta.
Bestetik, herriko establezimendu ezberdinetan izandako COVID-19 positiboen aurrean “gardentasuna” galdegin die koalizioak jeltzaleei. Pandemiak “edonor” jo dezakeela, eta ez dela “lotsagarria” gogorarazi dio udal taldeak tokiko gobernuari: “Edonon eta edonori gerta dakioke eta”.
Hori horrela, Eroskin gertatutakoa gardentasun faltaren adibide garbi bat da haientzat: ez dago gaiaren gaineko informazio zehatzik. Eta kudeaketa horren ondorioz sortutako “zurrumurruak eta esamesak” izan direla Itxaropena tabernaren inguruan sortutako informazio faltsuaren oinarri deitoratu du koalizioak.
Egoera ikusirik “gardentasunez, zuzentasunez eta eraginkortasunez” jokatzera deitu du EH Bilduk EAJren gobernu taldea, sinetsita baitaude “herritarrek eskertu ez ezik beren elkartasuna adieraziko dietela”.