Gonbidapena jaso beharko dute bederatziurrenetara joan nahi dutenek
Jende pilaketak ekiditeko helburuarekin edukiera kontrolatuko du udalak. Sare sozialen bitartez jarraitzeko aukera ere izango da.
Hilaren 31tik irailaren 8ra bitartean Ama Guadalupekoa Santutegira sarbidea mugatuko duela jakinarazi du Hondarribiko Udalak. Data horietan zehar 06:00etatik 08:00etara burutzen diren bederatziurrenetan jende pilaketak ekiditea eta edukiera kontrolatzea da helburua, eta beraz, bertaratzeko asmoa duten lagunek gonbidapenak jaso beharko dituztela aditzera eman du Txomin Sagarzazu alkateak.
Hori horrela, gonbidapenak Arma Plaza informazio gunean edota ondoko atari digitalean eskatu beharko dituzte interesdunek. Egun bakoitzeko gonbidapenak 48 ordu lehenago jarriko dira eskuragarri, eta norbanako bakoitzak bi jaso ahal izango ditu gehienez. Horrez gain, bederatziurrenak udalaren sare sozial eta kanal ezberdinen bidez ere segi daitezkeela erantsi du alkateak.