«Artiako Lagunen eskaera berriak jaso ditugu orain, eta dagoeneko ikertzen ari gara»
Juan Thalamas Labandibar kaleko ezkien aferaren gainean aritu berri da Jon Ugarte udaleko ordezkaria, zenbait zuhaitz kontserbatzeko udalak abiatutako lanen amaiera probestuz.
Irungo Udaleko Bide Publiko saileko ordezkari Jon Ugarte Juan Thalamas Labandibar kaleko ezkien aferaren gainean aritu berri da, zenbait zuhaitz kontserbatzeko udalak abiatutako lanen amaiera probestuz. Artiako Lagunen eta azken hilabeteetan ezkiak babesteko borrokan aritu diren bizilagunen eskuetara jarri da ordezkaria.
Era berean, azken hilabeteotan emandako pausu guztien gaineko informazioa aurkezteko prest azaldu da ordezkaria. «Jasotzen ditugun informazio eskaeretan bezalaxe, ekarpen guztiak jaso nahi ditugu, eta gaiaren gainean egon daitezkeen zalantza argitu. Artiako Lagunen eskaera berriak jaso ditugu orain, eta dagoeneko ikertzen ari gara», esan du Ugartek. Gaiaz aritzeko bilera bat egiteko konpromisoa hartu du ordezkariak. Amaitzeko, Arartekotik oraindik erantzunik jaso ez dutela kontatu du Ugartek.