Ekaina erdialdera arte ez da hegaldirik eskainiko Hondarribian
Vueling konpainiak ekainaren 16rako aurreikusi du itzulera; Air Nostrumek ordea, uztailaren 1era arte itxoingo duela jakinarazi du.
Hegaldi komertzialik eta bidaiaririk gabe geratu da Hondarribiko aireportua larrialdi egoera ezarri zenetik. Eta etenaldiak zenbatera joko zuen jakin gabe, jarduera berreskuratzeko data ezberdinak zabaldu dituzte Iberia taldeko Air Nostrum eta Vueling aire konpainiek denbora honetan.
Hori horrela, hirugarrenez atzeratu dute itzulera bi konpainiek eta gaurkoan, data berri bat publiko egin dute: Vuelingek ekainaren 16an operatu nahi du berriz ere, Air Nostrumek ordea, uztailaren 1era itxoingo du.
Horiexek dira aireportuko arduradunek azken orduetan zabaldutako datuak. Are gehiago, Hondarribira itzuli aurretik, ekainaren 1ean zehazki, Euskal Herriko eta estatuko hainbat aireportutan hegaldiak eskaintzen hasiko dira bi konpainiak. “Ez dugu erabaki honen zergatia ezagutzen”, deitoratu dute sare sozialetan aireportuko langileek.