Diru-laguntzen izapideak errazteko galdegin dio PSE-EEk udal gobernuari
'Itxeki Hondarribia!' planaren baitan tokiko enpresei bideratutako diru-laguntzen eskaera egiteko "baldintzak" gehiegizkoak direla salatu du udal talde sozialistak.
Itxeki Hondarribia! talka planak enpresentzako aurreikusitako diru-laguntzen izapidetzea ez du begi onez ikusi Hondarribiko PSE-EEren Udal Taldeak, ohar baten bidez jakinarazi duenez. Bete beharreko “baldintzak” eta aurkeztu beharreko ” dokumentuak” gehiegizkoak direla iritzi dio Iosu Alvarez bozeramaileak, eta prozedura errazteko eskatu dio udal gobernuari.
Tokiko enpresak laguntzeko onartutako diru-saila “positiboki” baloratu dute sozialistek, “sektorea modu unibertsalean laguntzea zen helburua”. Hala eta guztiz ere, izapidetzea “oso korapilotsua” dela argudiatu du PSE-EEk, eta ondorioz, “zenbait merkatarik uko egin diote eskaera aurkezteari”.
Bestalde, merkatariek higiene eta osasun neurri guztiak bete ditzaten laguntzeko “sostengua” eskatu dio udal gobernuari, “araudi berrira egokitzeak inbertsio eta gastu ezberdinak eragingo baititu ekonomikoki zailak diren uneetan”. Zentzu horretan, online merkataritza sustatzeko diru-laguntzak martxan jartzea proposatu du Alvarezek.