Bidasoa, berriz ere Europara
Bigarren urtez jarraian Europako onenekin lehiatuko dira. Atzo bertan jakinarazi zuen Espainiako Eskubaloi Federazioak liga amaitutzat emateko erabakia.
Bidasoa eskubaloi taldeak datorren urtean Europan jokatuko du berriz ere. Atzo bertan jakinarazi zuen klubak, Espainiako Federaziotik heldutako erabakiaren berri eman zuten gauean. Honen arabera, Espainiako Eskubaloi Federazioko Ordezkarien Batzordeak onartu egin berri du Zuzendaritza Batzordeak orain dela bi aste egindako proposamena, beraz, amaitutzat eman dute sasoia.
Larrialdi egoera hasi zenean laugarren postuan zegoen Bidasoa. Postu honek Europako txartela ahalbidetu ez arren (soilik lehenengo hiruak eta Kopako txapeldunordea sailkatzen dira), azkenean lehen itzuliko sailkapena hartu dute kontuan, Bidasoa hirugarren postuan zegoenekoa. Beraz, hirugarren postu horrekin EHF Koparako txartela eskuratu dute. «Ez da amestu genuen bidetik, baina berriz ere Europan!», diote klubeko iturriek.