Astelehenean ireki nahi duten ostalariekin kontaktuan jarri nahi du udalak
Terrazak %50ean zabaldu ahal izateko inguruak egokitzen ari dira eta beraz, jarduera berreskuratuko duten establezimenduen berri izan nahi dutela adierazi du Gonzalo Carrion zinegotziak.

Espainiako Gobernuak konfinamendutik ateratzeko zehaztutako planaren Lehen Fasearen arabera, ostalariek %50ean zabaldu ahal izango dituzte terrazak hilaren 11tik aurrera, astelehenarekin. Segurtasun neurri guztiak betez urrats hau egin ahal izateko terrazen inguruak egokituko ditu udalak, eta hortaz, datorren astetik aurrera zabaltzeko asmoa duten ostalarien berri izan nahi du Hondarribiko Udal Gobernuak.
Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak eman du abisuaren berri, eta hark zuzendutako departamentuarekin harremanetan jartzera deitu ditu ostalariak. Hortaz, ostegunean (hilak 7) eguerdiko 12:30etik aurrera 943111261 telefono zenbakira deitzeko edo posta elektroniko bidez harremanetan jartzeko eskatu die interesdunei.