Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako probak ehunka lagun elkartu nahi ditu Irungo erdialdeko kaleetan zehar. Bi ibilbide prestatu ditu horretarako klubak, 200-1.500 metrokoa haurrentzat, eta 5 kilometrokoa helduentzat.
BATek antolatutako Txingudi Korrika proba
Gabonak heltzear dira eta urtero bezala, krosak han-hemenka biderkatzen dira urtea amaitu aurretik. Irunen ere Gabonetako Krosa antolatu dute etzirako larunbatarekin. Bidasoa Atletiko Taldea (BAT) da probaren antolatzailea eta haurrei zein helduei zuzendutako lasterketak aurreikusi ditu. Bi ibilbide izango dira beraz etziko lasterketan, bata 200-1.500 metrokoa eta bestea, 5 kilometrokoa.
Hondarribian abenduaren 31n egiten den San Silvestre lasterketarekin senidetutako froga dela zehaztu dute antolatzaileek. Hori dela eta, Irungo Gabonetako Krosean eta Hondarribiko San Silvestre lasterketan lehiatzen diren korrikalariak opari zozketa batean parte hartuko dute. Hondarribiko froga amaitzean egingo dute zozketa hori.
Gabonetako krosaren helburua ere argi dute BATeko arduradunek: “herritarrek jarduera fisiko bat eginez urtea amaitzea”. Horregatik publiko orokorrari zuzendutako lasterketa “atsegina” antolatu dute.
Hala, 1 eta 13 urte arteko haurrei zuzendutako Gabonetako Kros Txikian parte hartu nahi duten lagunek 200 metro eta 1.500 metro arteko ibilbidea egin beharko dute. Txikienak gurasoak lagunduta atera ahal izango dira. Parte hartzea debalde da baina interesatuek i
zena eman beharko dute. Adinaren araberako txandetan aterako dira, Luis Marianon finkatutako irteeran, 15:45ean abiatuta. Ordutegiak
bertan kontsulta daitezke –lotura gazteleraz–. 650 umek parte hartu ahal izango dute denera.
5 kilometro Irungo erdialdean
Helduen probari dagokionez, 1.500 lagun lehiatu ahal izango dira Gabonetako Krosean gehienez. 5 kilometro egin beharko dituzte eta kasu honetan, dortsala ordaindu beharko dute. Xehetasunak ezagutzeko edota izena emateko
bertan sar daitezke interesatuak. Inskripzioa koadrilan ere egin daiteke.
Hori horrela, 16:45ean aterako dira korrikalariak Luis Marianotik; helmuga ere bertan izango da. Horrez gain, izena eman duten lehen 750 lagunek opari bat jasoko dute eta proba bukatuta, pintxopotea egin ahal izango dute inguruko tabernatan.
Sariak ondokoak izango dira:
- 1. Gizonezkoa/emakumezkoa: Garaikurra eta Super Amaran gastatzeko 200 euroko erosketa txekea.
- 2. Gizonezkoa/emakumezkoa: Garaikurra eta Super Amaran gastatzeko 100 euroko erosketa txekea.
- 3. Gizonezkoa/emakumezkoa: Garaikurra eta Super Amaran gastatzeko 50 euroko erosketa txekea.
- 4tik 10era: Garaikurra
- Lehenengo hiru koadrilentzat: lau lagunentzako afariak.