Abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra bitartean zabalik egongo da Eguberrietako Haur Parkea, Ficoban. Txikien gozamenerako orotariko joko eta jarduerak prestatu dituzte antolatzaileek.
Ikastetxeetako haurrentzat zabaldu dute lehenbizi
Pin Pan Pun, Eguberrietako Haur Parkearen gerra oihua ozen entzungo da astelehenetik aurrera Ficoba erakustazokaren inguruetan. Abenduaren 22an zabalduko ditu ateak Gabonetako parkeak eta urtarrilaren 4ra bitartean Ficobako hiru pabilioietan barrena prestatutako jarduerekin gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienak.
Ander Sarratea Ficobako kudeatzailea, Monica Alday azokaren zuzendaria eta Miguel Angel Paez Irungo Udalaren Sustapen Ekonomikorako delegatu eta alkateordea Eguberrietako Haur Parkearen 11. ekitaldiaren aurkezpenean bildu dira gaur eguerdian. “Herri agintariei, babesleei eta Ficobaren lagun guztiei” eskerrak eman zizkien Sarrateak, “denon artean posible egiten baitugu haur parkearen ekitaldi berri hau”.
Aldayk bere aldetik azaldutakoaren arabera, aste honetan zehar Gipuzkoako 16 ikastetxeetatik iritsitako 1.500 bat haur gozatzen ari dira parkeaz. Astelehenetik aurrera hala ere publiko orokorrarentzat prest egongo dira “aktibitatez eta jokoz betetako hiru pabilioiak”.
Asperduraren aurkako parkea
Aurtengo parkeak bi berritasun eskainiko ditu bertaratzen diren haurren artean. Batetik, lehen pabilioian kokatutako Izarren Txokoa izenpeko eszenatokia, non karaokea eta burbuila festa egingo dituzten bertan egunero. Bestetik, txakurrak hezten ikasteko eskolak ere izango dira.
Aipatutakoaz gain, karruselak, gaztelu puzgarriak, bideo jokoak, tailer hezigarriak birziklapenaren, historiaren… inguruan, emozioen inguruko jolasak, ipuinak eta eskulanak, saskibaloi kantxa, ludoteka eta abar luze batek osatuko du parkearen dibertsio eskaintza.
Hori horrela, 3 eta 13 urte arteko umeei zuzenduta dago. Txikiek 7 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek 6. Datozen bi astetan zehar 15:00etatik 20:00etara zabalik egongo da parkea. Aparkalekua debalde dela gogora ere ekarri dute antolatzaileek agerraldian.