Oporretan ikastetxeetako jangelak irekitzeko beharra azter dezan eskatu dio Santanok Jaurlaritzari
Gipuzkoako Foru Aldundiak pobreziaren inguruan atzo plazaratutako datuen harira egin du eskaria Santanok; lurraldean 10.000 umetik gora pobrezia "gogorra" pairatzen dute lurraldean.
Ikastetxeetako jangelak oporraldi garaian irekitzea beharrezkoa ez ote den iker dezan galdegin dio gaurkoan Jose Antonio Santano Irungo alkateak Eusko Jaurlaritzari. Gipuzkoako Foru Aldundiak pobreziaren inguruan atzo plazaratutako datuen harira helarazi du kezka Santanok. “33.213 adingabe (%26,6) daude pobrezia eta gizarte bazterketa arriskuan gure lurraldean, hauetako 10.068k (%8,1) gabezia material gogorra jasaten dute”, adierazi zuen atzo Diputazioaren Gizarte Politika departamentuko Ander Rodriguez diputatuak. Irungo jantoki sozialak zerbitzu eskaintza zabaldu duen arren, adingabeen premiak asetzen ez dituela gogora ekarri du alkateak. Horrez gain, “ikastetxean bazkaria bermatzen zaie umeei eta orain, oporrak medio ikastetxeak ixterakoan ume horiekin zer gertatuko ote den kezkatzen gaitu”. Hori dela eta, “ikastetxeren bateko jangela irekitzea beharrezkoa ote den berehala azter dezan eskatu nahi dio udalak Jaurlaritzari, Gabonetan edota asteburuetan ere”. Gizarte Zerbitzuak gaiarekin adi egongo direla ziurtatu du alkateak. Gogoratzekoa da halaber krisi ekonomikoa hasi zenetik Behe Bidasoak duela Gipuzkoako langabezia tasarik altuena. Azaroko datuen arabera, %16koa da langabezia tasa eskualdean;