Oposizioak aurkeztutako 40 emendakinetik hamabi onartu dituzte, kopuru txikikoak gehienak. Gobernuak erraz atera du aurrera aurrekontu proposamena, alderdiekin negoziatu beharrik gabe. EAJ, Hamaikabat eta PP alde agertu dira, PSE-EE abstenitu egin da eta Bilduk kontra bozkatu du.
Alkatea, gustura bere azken aurrekontuak onartuta. Irudian, sozialistekin eztabaidan.
EAJ, Hamaikabat eta PPren botoekin, aurrera atera da legealdiko azken aurrekontua Hondarribian. Atzo egin zuten 2015eko osoko bilkura, eta lau orduko eztabaidaren ondoren, udalbatzak 17.573.407 euroko aurrekontua onartu zuen, aurtengoa baino %6 handiagoa. Oposizioak 40 emendakin aurkeztu zituen, eta horietatik hamabi onartu zituzten, 174.350 euroko kopuruarekin. Aitor Kerejeta alkatea pozik azaldu zen, bere azken urteko aurrekontuak onartu eta gero: “Hondarribiari beharrezkoa duten estabilitatea ematen diogu, bide onetik jarraitzeko, zorrik gabe eta inbertsioak egiteko gaitasunarekin”.
Plenoaren aurretik jakina zen udal gobernuaren proposamenak aurrera egingo zuela, Joxemi Otxoteko popularrak esana baitzuen lerro nagusiekin ados zegoela, eta PPren botoa nahiko zuen gobernuak gehiengoa edukitzeko. Gainera, lau emendakin prestatu zituen Otxotekok eta laurak plenoan erretiratu, udal gobernuak aurrekontuan barneratu dituelako, edo aurtengo ekitaldia ixterakoan kreditu aldaketan aintzat hartzea onartu duelako.
Besteak beste, Guadalupeko aparkalekua egokitzeko 60.000 euroko partida bat, Javier Ugarte eta San Juan de Dios eskulturak zaharberritzeko 72.000ko beste bat, eta aste santuko prozesioko pausoak berritzea eskatu eta lortu ditu zinegotzi popularrak. Atzo onartutako hamabi emendakinen diru kopurua baina handiagoa da PPk bere proposamenak onartzearekin lortu duena.
Mendelu auzoan esku hartzea ere galdegin zuen Otxotekok, baina horretan bat egin zuten sozialistek eta Bilduk ere, eta gobernuak begi onez ikusi zuen eskaera hori, alkateak Iosu Alvarez sozialistarekin eztabaida sutsua izan arren. Kerejetak, Mendelu “abandonatutako eremua” dela esaten ez jarraitzeko eskatu zion Alvarezi, aurten ere.
Hamaikabatek ere aurrekontuen alde bozkatu zuen. Hauteskundeen ondoren bere eserlekua utziko du Ion Elizaldek eta aurten ez du emendakinik prestatu.
Kontrako botoa, Bilduk
Aurrekontuaren kontra bozkatu zuen alderdi bakarra Bildu izan zen, “emendakin inportanteenak, alokairu sozialean dirua jartzea eta langabeziaren aurkako enplegu plan bat egitea atzera bota zaigulako”. Alkateak kritikatu egin zuen ezker abertzaleak 20 urteetan “behin bakarrik abstenitu eta gainontzeko aurrekontu guztien kontra bozkatu izana”. Koalizioak, berriz, aurrekontuak “gobernuak berak bakarrik prestatu” dituela kritikatu zuen: “parte hartzeko aukera handiagoa espero genuen”.
Bilduk hamasei emendakin aurkeztu zituen atzoko plenoan, eta horietatik bi bakarrik atera ziren osorik, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats festei ematen zaien diru laguntza 700 eurotik 1.000 eurora igotzea. Horiez gain, Bilduren beste hiru proposamen onartuak izan ziren, behin sozialisten antzerako emendakinekin transakzionatuak, esaterako, Gurutze Gorriaren proiektu zehatzak burutzeko 3.750 euro.
Bilduko zinegotziak, emendakinak aurkezten
Gai sozialetan, langabeziaren kontra borrokatzeko partida handitzea (254.814 eurotik 600.000 eurora), eta alokairu soziala sustatzeko milioi erdiko beste bat aurkeztu zituen Bilduk, baina EAJk baztertu zituen, diru kantitate horiek nola gastatu behar ziren zehazten ez zelako. Udalaren ondasunen inbentarioa egitea ere eskatu zuen koalizioak; lehenago ere eskatua zuen hori bera, “udalak legea bete dezan”, eta ezezkoa jasoa, baina oraingoan aurrekontuak eskaera hori jasotzen duela argitu zuen udal gobernuak.
Aurrekontuetako partida batzuk murrizteko emendakinak ere aurkeztu zituen Bilduk. Batetik, Arma Plaza Fundazioarena 332.951 eurotik 60.000 eurora jaistea, “bere administrazio eta kudeaketa gastuak neurriz kanpokoak” direlakoan. Eta bestetik, Farolako errepidea konpontzeko partida kentzea, 398.500 eurokoa, “itsas labarra konpontzea Costas erakundeari dagokiolako”. Alkateak Bilduko zinegotziei gogorarazi zien, denboraleak eragindako gastuei aurre egiteko lau erakundeen arteko akordioa egon zela bakoitzak milioi bat ordaintzeko —udalaren beste zatia kreditu aldaketarekin gehituko da—. Halaber, errepidea aldundiarena dela, eta Lurgorriko bizilagunak pleno batean laguntza eskatu zutenean oposizioko alderdi guztiak haiei laguntzearen alde agertu zirela, erantsi zuen Kerejetak
Sozialistek emendakin gehien
PSE-EEk hogei emendakin aurkeztu zituen, eta zazpi onartu zizkioten, eta beste batzuk transakzionatuak atera ziren. Sozialistek aurten keinu positiboak antzeman zituzten gobernuaren proposamenean eta aurrekontuen eztabaida hasieratik beste urte batzuetan baino tonu lasaiagoa erabili zuen Alvarez zinegotziak. Hori bai, luze aritu zen, oso luze, eta emendakinen azalpena bukatu zuenean, alkateak 50 minutuz isildu gabe egon zela aurpegiratu zion.
Sozialisten emendakinen artean beste urte batzuetakoak errepikatu ziren, hala nola, mikrobus zerbitzu bat jartzeko aukera aztertzeko ikerketa egiteko partida bat, gizarte zerbitzuen inguruko hainbat partida, Mendelu auzoan eragitekoak, edota komun publikoena. Guztira, hamar bat izan ziren onartutako PSE-EEren eskaerak, bai zuzenean bere emendakinen bidez, bai antzerako beste batzuen bidez. Onartutakoen artean, 90.000 euro komun publikoak egiteko, 20.000 euro Mendeluko parkea birgaitzeko, 18.000 Mendelun ikerketa sozio-ekonomiko bat egiteko, 12.000 euro memoria historikoaren liburu bat idazteko edota 6.000 euro Polborinean eskilara mekaniko batzuk egiteko ikerketa idazteko.