Biharko plenoaren aurretik lau emendakin aurkeztu ditu PPk eta dagoeneko bi onartu dizkio gobernuak.
Udalarekin pozik dago Otxoteko
PPk udal gobernuari lagunduko dio “gobernagarritasuna egonkortzen”, adierazi zuen atzo Jose Miguel Otxoteko popularren zinegotziak. EAJk PPren baiezkoa “edo gutxienez abstentzioa” izango du bihar aurrekontuen osoko bilkuran, eta boto hori nahikoa izango da udal gobernuaren proposamena aurrera ateratzeko. Otxotekoren esanetan, “aurrekontuen lerro nagusiekin eta udalaren kudeaketa ekonomikoarekin konforme” dira popularrak.
Udalaren proposamena aztertu eta gero, lau emendakin prestatu ditu PPk eta horietako bi dagoeneko proiektuan sartu ditu gobernuak. Batetik, itsaslabarra finkatzeko partida 600.000-700.000 eurotik milioi batera igo dute, hori izan zelako neguko denboraleen ostean “erakundeen artean adostu zutena”. Eta bestetik, hiriko ondare eskultorikoa berritzen hasteko 72.000 euroko partida adostu dute Otxotekok eta gobernuak. Diru horrekin, San Juan de Dioseko biribilguneko eta Jabier Ugarte lorategietako eskulturak txukunduko lituzkete 2015ean.
PPk aurkeztu dituen beste bi emendakinen helburua da Guadalupeko aparkalekua arautzeko lerroak jartzea (60.000 euro), eta Mendeluko zaharberritzean inbertitzea (100.000 euro). Otxotekok argitu zuenez, bi proposamen horiekin gertatzen denaren arabera erabakiko du udal gobernuaren aurrekontu proposamenaren alde bozkatzea edo abstenitzea.