Plazaren erdialdea eta zumardia erabiltzeko prest egongo dira hilaren 21ean, nahiz eta oraindik obra guztiz bukatzeko hainbat xehetasun faltako diren.
Irungo Udalak jakinarazi duenez, hilaren 21eko San Tomas azoka Urdanibia plazan egingo dute. Hura berritzeko lanak azken fasean daudela jakinarazi du, eta datorren astean egin beharreko lanekin, azoka hartzeko prest egongo dela esan du, nahiz eta obra osotasunean bukatuta ez egon. Plazaren erdialdea eta zumardia dira egokituta egongo diren eremuak.
Ganadu feria, txosnak eta oholtza jarriko dituzte bertan, beraz, hilaren 21ean. Lanak azken fasean egon arren, behin betiko argiteria jartzeko, eta zonalde berdeetako ureztatze sistema ezartzeko, eta plaza inguruko eremu batzuetan behin betiko zolua jartzeko lanak aurrera doazela esan du Cristina Laborda Lan eta Mantenu udal ordezkariak. Aldi berean, Sargia inguruan lur azpiko lanekin aurrera doazela zehaztu du.
Trafikoari dagokionez, Urantzu kalearen zati bat itxita dago, Urdanibiatik hurbilen dagoen zatia hain zuzen. Zati hori San Tomas Eguna baino lehen zabalduko dutela iragarri du Labordak. Horren harira, kalearen asfaltatzeko lanak egingo dituzte astelehen eta astearte artean, eta horrek eragina izango du hiruko autobus publiko zerbitzuan (argibideak
Irungo Udalaren webgunean).
Duela urtebete inguru hasi zituzten Urdanibia plaza eta ingurua biziberritzeko lanak, 3,5 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 13 hilabete eta erdiko burutze epearekin.