Gazteen artean errepublikaren balioak sustatzeko helburuz, literatur lehiaketa antolatzen du urtero Irungo Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak; lanak bidaltzeko epea zabalik da.
Irungo Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak gazteentzako VII. literatur lehiaketa antolatu du. Lehiaketaren bitartez antolatzaileek errepublikaren balioak sustatu nahi dituzte gazteen artean. Berdintasuna, senidetasuna, askatasuna, laikotasuna, elkartasuna, justizia soziala, ekonomikoa eta politikoa, indarkeria eza, dibertsitatea, begirunea, demokrazia parte-hartzailea… antolatzaileen esanetan, horiek eta antzeko beste asko izan daitezke errepublikaren balioak, eta horregatik eskatu dute lehiaketara bideratuko diren lanetan halako balioei toki egitea.
10 eta 25 urte bitarteko gazteek har dezakete parte lehiaketan eta hiru kategoria izango dira: Lehen Hezkuntzako 3. zikloko gazteak, hau da, 10-12 urte artekoak; DBHkoak, hau da, 12 eta 16 urte artekoak, eta azkenik, 16 urtetik 25 urte artekoak.
Sariak
Kategoria bakoitzeko hiru sari banatuko dituzte. 12-16 eta 16-25 urte artekoentzat, 50 euroko hiruna erosketa txartela banatuko dituzte, Queens, Elkar eta Oskarbi dendetan erosketak egiteko. 10 eta 12 urte artekoentzako saria bikoitza izango da, hau da, 100 euroko erosketa bono bana arestian aipatutako denda berberetan erosketak egin ahal izateko.
Lanak euskaraz edota gaztelaniaz aurkez daitezke, narrazioak edo ipuinak izan daitezke eta originalak izan behar dute.
Idazlanak jasotzeko epea dagoeneko zabalik da eta martxoaren 15era arte izango da bidaltzeko aukera. Bikoiztuta eta gutunazal baten barruan aurkeztu behar dira idatziak eta original bakoitza ezizen batez sinatu behar da. Gutunazal itxi batean datu hauek eranstea derrigorrezkoa izango da: izena, abizenak, NAN, jaioteguna, helbidea, harremanetarako telefonoa eta egilearen e-posta.
Oinarri eta baldintza guztiak
bertan kontsulta daitezke.