Osasun Jardunaldien balorazio "positiboa" egin du Alde Zaharra San Juan Auzo Elkarteak
"Esperientzia oso pozgarria" izan dela iritzi diote bizilagun elkarteko kideek; barreterapia tailerraren "arrakasta" nabarmendu ondoren, datorren urtean osasun jardunaldiak berriz ere antolatuko dituztela aurreratu dute.
Lehenengo Osasun Jardunaldiak burutu ditu Alde Zaharra San Juan Auzo Elkarteak azaroan zehar. “Oso positiboki” baloratu ditu elkarteak jardunaldiak eta “esperientzia oso pozgarria” izan dela gaineratu du. Azaroaren 17an, 22an eta 27an egin zituzten jardunaldiak Ospitale Zaharraren hitzaldi aretoan.
Gorka Santalla fisioterapeutaren, Kirol Lagun zentroko Iñaki Sanchezen eta Tolosako Barre Inteligentearen Eskolako kideen parte hartzea eta laguntza eskertu nahi izan dute auzokideek. Gainera, barreterapia tailerraren “arrakasta” nabarmendu dute.
Hori horrela, datorren urtean bigarren osasun jardunaldiak antolatuko dituztela aurreratu dute elkartekideek.