Aurten Josetxo Etxandi Oroitaldiaren 39. aldia jokatuko da. Antolatzaileek deialdi berezia egin diete Lezoko emakumeei herri txapelketan parte har dezaten.
Josetxo Etxandi Oroitaldia martxan da beste urtebetez eta izena emateko epea zabalik dago. Oroitaldiaren 39. aldia izango da aurtengoa, eta herri txapelketa jokatu nahi duten 16 urtetik gorako lagunek, Txingurri tabernan eman beharko dute izena hilaren 31 baino lehen. Parte hartzeko bi baldintza jarri dituzte antolatzaileek: bikotekideetako bat gutxienez pilotan federatu gabea izatea da leena; Lezoarrak izatea da bigarrena. Partidak berriz, Goiko Plazako frontoian jokatuko dira.
Herri mailako partidetan pilota bigunak erabiltzen dituztela zehaztu dute antolatzaileek, “helburua edozein herritar guztiek parte hartzea delako, edonork izatea aukera, alegia”.
60 bikote iaz
Hiru maila izango dira aurten ere txapelketan, haurrak, gaztetxoak eta helduak. Haurren Mailan, 2002 urtetik aurrera jaiotakoek har dezakete parte; Gaztetxoen Mailan berriz, 1999, 2000 eta 2001 urtean jaiotakoek, Helduen Mailan, azkenik, 16 urtetik gorakoek har dezakete parte.
60 bikotek hartu zutela parte iazko txapelketan ekarri dute gogora bestalde Josetxo Etxandi Oroitaldiaren antolatzaileek, eta aurten kopuru horiei eustea aurreikusi dute. Horren harira, dei berezia egin diete Lezoko emakumeei, “haien parte hartzea bultzatu nahi dugulako bereziki. Halere lezoar guztiak deitzen ditugu txapelketarekin bat egitera”. Helburua berriz, frontoi inguruan giro jator eta atsegina sortzea dela esan dute.
Etxandi, pilotazale porrokatua
Lezoko Kale Nagusian 1950. urtean jaio zen Josetxo Etxandiren izena darama oroitaldiak. Zazpi senideen arteko zaharrena, pilotazale porrokatua zen Etxandi, baina utzi egin behar izan zuen bihotzeko gaixotasun baten ondorioz. Lezoko eta inguruko herrietako pilota antolakuntza lanetan aritu zen lanean ordundik, baina 25 urte bete gabe hil zen.
Federazioan lan handia egina, pilotan jokatzeko beharrezkoa zen materiala lortzen ibili zen eta batez ere Lezoko gaztetxoen artean akuilu izan zela nabarmendu dute oroitaldiaren antolatzaileek: “Eguraldiak laguntzen zuen neurrian, beti zegoen jendea frontoian pilotan jiokatzen eta Josetxok animatu egiten zituen entrenatzera eta herrian zein inguruetan antolatzen ziren txapelketetan parte hartzera”. Udan herriko pilotarien arteko txapelketak antolatzen zituen Etxandik eta herriko jaietako partidetara maila bikaineko piilotariak ekartzen saiatzen zela beti ere gogorarazi dute.